Europako Batzordeak atzo Europako Parlamentuak eta Kontseiluak hartutako akordio politikoa goraipatu du.
Akordioa Batzordeak banku-krisien kudeaketaren eta gordailuen aseguruaren esparrua (CMDI) berrikusteko egindako proposamenari buruzkoa da. Erreforma hori mugarri garrantzitsua da Banku Batasunak aurrera egin dezan. Finantza-egonkortasuna hobe zainduko du eta krisian dauden bankuak erreskatatzeko diru publikoa erabiltzea saihestuko du.
Erreformaren helburua ebazpen-agintaritzek banku txiki eta ertainen porrota kudeatzeko duten gaitasuna hobetzea da, ebazpenaren irismena handituz banku horiek sartzeko horrek interes publikoari mesede egiten dionean. Horri esker, banku gehiagok irteera ordenatua izaten ahalko dute —hala nola beste banku bati saltzea—, likidatu beharrean, eta, horrela, bankuak porrot eginez gero, nahasmendu ekonomikoak minimizatuko dira. Erreformak, halaber, gordailugileen babesa indartuko du Europar Batasun osoan. Akordioak banku-sektore nazionalen berezitasunak aitortzen ditu, eta, aldi berean, baldintza-berdintasuna bermatzen du.
Europako erakunde legegileek erreformaren funtsezko alderdiei buruzko akordioa lortu dute. Batzordeak Europako Parlamentuari eta Kontseiluari laguntza teknikoa ematen jarraituko die, akordioaren xehetasunak ezartzen akitzeko. Behin alderdi teknikoak ezarrita, botere legegileak berriro bilduko dira azken testua onartzeko.