Europako Batzordeak estatu-laguntzen esparru berri bat onartu du gaur, Industria Garbiaren aldeko Ituna (CISAF, ingelesezko siglen arabera) babesteko, estatu kideek energia garbiak, deskarbonizazio industriala eta teknologia garbiak susta ditzaten.

CISAFek estatu kideek inbertsio eta helburu jakin batzuetarako laguntzak emateko baldintzak ezartzen ditu, estatu-laguntzei buruzko EBren arauen arabera. Esparru berriaren arabera, Batzordeak estatu kideek industria garbia sustatzeko onartutako laguntza-erregimenak baimenduko ditu, laguntza indibidualak azkar ematea ahalbidetuz.

CISAF 2030eko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean, eta horrek epe luzerako aurreikusgarritasuna emanen die estatu kideei eta enpresei. CISAFek 2022tik indarrean dagoen Krisiaren eta Trantsizioaren Aldi Baterako Esparrua ordezten du.

Esparruak estatu-laguntzei buruzko arauak sinplifikatzen ditu bost arlo garrantzitsuri begira:

  1. Energia berriztagarriak eta erregai hipokarbonikoak erabiltzea;
  2. Elektrizitatearen prezioak aldi baterako murriztea energia-kontsumitzaile handientzat, elektrizitate garbi merke batera aldatzea errazteko;
  3. Dauden ekoizpen-instalazioen deskarbonizazioa;
  4. EBn teknologia garbiak fabrikatzeko gaitasuna sustatzea;
  5. Energia garbian, deskarbonizazioan, teknologia garbietan, energia-azpiegituren proiektuetan eta ekonomia zirkularra laguntzeko proiektuetan egindako inbertsioen arriskua murriztea.

Testuingurua

EBk estatu-laguntzei buruzko arauak ditu, laguntza publikoek enpresa batek lehiakideekiko abantaila distortsionatua lortzea saihesteko.

Industria Garbiaren aldeko Itunaren ikuspegitik garrantzitsuak diren estatu-laguntzei buruzko beste arauak (klimaren, ingurumenaren babesaren eta energiaren arloko estatu-laguntzei buruzko jarraibideak) aldi berean aplikatzen jarraituko dira, eta estatu kideek laguntza desberdinak eta konplexuagoak emateko aprobetxatzen ahalko dituzte. Halaber, estatu kideek esparru horretako estatu-laguntzak Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren arabera ematen jarraituko dute, Europako Batzordeari jakinarazi beharrik gabe.

Batzordeak kontsulta egin die estatu kideei eta alderdi interesdunei, estatu-laguntzen esparru-proiektuari buruz. Horren aurretik, estatu kideei inkesta bat egin zitzaien Krisiaren eta Trantsizioaren Aldi Baterako Esparruaren aprobetxamenduari buruz. Esparruaren behin betiko bertsioa egiteko, Batzordeak jasotako ohar guztiak kontuan hartu zituen.

Kontsulta horren xehetasunak eta jasotako oharrak hemen kontsulta daitezke.

Informazio gehiago