EBn Irisgarritasunari buruzko Europako Legea sartu da indarrean. Egun horretatik aitzin, funtsezko produktu eta zerbitzuak —hala nola telefonoak, ordenagailuak, liburu elektronikoak, banku-zerbitzuak eta komunikazio elektronikoak— irisgarriak izan beharko dira desgaitasuna duten pertsonentzat.
Irisgarritasunari buruzko Europako Legea desgaitasuna duten pertsonek egunero izaten dituzten oztopoak murrizteko aurrerapausoa da. Desgaitasuna duten pertsonek gizartean bete-betean parte hartzea errazten du, besteak beste, ekipamendu informatikoak irisgarri bihurtzearen eta lantokian laguntza-teknologiak sustatzearen bidez. Mugikortasun handiagoa lortzen ere lagunduko du, irisgarritasun-maila antzekoa izanen baita EB osoan.
Legeak irisgarritasun-baldintza komunak ezartzen ditu EB osoan produktu eta zerbitzu jakin batzuetarako, hala nola: letra-tamaina egokia eta ahozko testuaren funtzioa autozerbitzuko ordainketa-terminaletan, irakurgailu elektronikoetan eta telefono adimendunetan, besteak beste. Horrek operadore ekonomikoendako arauak sinplifikatuko ditu, orain arte irisgarritasun-baldintzak dibergenteak eta kontraesankorrak izan baitira herrialde batetik bestera. Europako Batzordea estatu kideei laguntzen ari da, harremanetarako gune nazionalekin aldizkako bilerak eginez, herrialde bakoitzeko gai espezifikoei heltzeko batez ere.
Hadja Lahbib Berdintasun, Prestakuntza eta Krisi Kudeaketako komisarioak honako hau nabarmendu du: «EBn, 100 milioi pertsona inguruk desgaitasuna dute. Irisgarritasuna aurretiko baldintza da gizartean parte hartzeko. Irisgarritasunari buruzko Europako Legea berdintasun- eta justizia-neurria da, baina baita hazkunderako eta berrikuntzarako neurria ere. Desgaitasuna duten pertsonek, EB osoan eta desgaitasunik gabeko pertsonek bezalaxe, bizitzaz gozatu ahal izan dezaten eman beharreko beste urrats bat da. Ospa dezagun lorpen hori; orain praktikan jarri eta aplikatu egin behar dugu, arau berri horiek guztiondako aldaketa erreala eta iraunkorra ekarriko dutela ziurtatzeko».