Proiektu Atlantikoaren Sariek ekimen nabarmenak, lankidetza arrakastatsuak eta lorpen garrantzitsuak aitortzen dituzte, Atlantiko 2.0rako Ekintza Plana ezartzeari begira.

Proiektu horiek EBko Atlantikoko Ekintza Planaren estatu kideetan gauzatu dira azken urtean, eta eskualde, nazio, Europa eta nazioarte mailan zabal daitezkeen kasu arrakastatsuak, jardunbide egokiak eta lankidetza-ereduak aurkezten dituzte, Estrategia Atlantikoaren funtsezko lehentasunak sustatzeaz gain.

Estrategia Atlantikoko Batzordeak antolatzen ditu sariak, Laguntza Atlantikoko Mekanismoaren laguntzarekin. Irabazleek (kategoria bakoitzeko irabazle bat) ekitaldi batean jasoko dituzte sariak, hain zuzen Alderdi Interesdunen Plataforma Atlantikoaren 12. Batzarrean (ASPC 2025), zeina 2025eko azaroan eginen baita Galwayen (Irlanda).

Sarien kategoriak:

Proiektu Atlantikoaren 2025eko sariek bost kategoria dituzte, Atlantiko 2.0rako Ekintza Planaren oinarriekin bat etorriz:

  1. Atlantikoko portuak: Atlantikoko portuak ekonomia urdinaren ate eta zentro gisa eta/edo negozio-katalizatzaile gisa dituzten proiektuak, ekimenak eta ekintzak.
  2. Trebetasun urdinak eta alfabetatze ozeanikoa: Trebetasun urdinak, lanpostu urdinak eta alfabetatze ozeanikoa sustatzen dituzten proiektuak, ekimenak eta ekintzak, kalitateko hezkuntza, gaikuntza eta etengabeko ikaskuntza eskainiz.
  3. Itsasoko energia berriztagarria: Karbono-neutraltasuna itsasoko energia berriztagarriaren bidez sustatzen duten proiektuak, ekimenak eta ekintzak.
  4. Ozeano osasuntsuak eta kostalde erresilienteak: Kostaldeko erresilientzia handiagoa lortzeko eta itsas kutsaduraren aurkako borroka indartzeko proiektuak, ekimenak eta ekintzak.
  5. Nazioarteko lankidetza: Atlantikoko Ekintza Planaren nazioarteko ikuspegia erakusten duten proiektuak, ekimenak eta ekintzak, Galwayeko (2013) eta Belémeko (2017) Adierazpenetan eta Ozeano Atlantikoaren Ikerketarako Aliantzan islatzen den bezala.

Sarien irabazleek honako hauek jasoko dituzte:

  • Trofeo bat eta ziurtagiri bat;
  • Saritutako proiektua 2025eko ASPCn aurkezteko aukera;
  • Proiektua sustatzea Atlantikoko Komunitatearen web-komunikazioko kanalen bidez (Estrategia Atlantikoaren webgunea, Laguntza Atlantikoko Mekanismoaren sare sozialak eta argitalpen elektronikoak, adibidez, Ezarpen Txostena), DG MARE/CINEAren komunikazio-kanalen bidez eta estaldura mediatiko orokorraren bidez;
  • Proiektu Atlantikoaren sariaren zigilua [1].

Hautagarritasun-irizpideak:

Edozein norbanakok, erakundek, enpresak, taldek, sarek, partzuergok edo instituziok aurkez ditzake proiektu-eskaerak, baldin eta:

  • Egoitza, helbidea edo presentzia EBko Atlantikoko estatu kide batean badu (Frantzia, Irlanda, Portugal eta Espainia);
  • Finantzaturiko proiektu edo ekimenen bat badu, bai aribidean, bai akituta. Finantzatutako proiektu bat partzuergo edo talde batek epe luzerako lankidetza zabalago baten esparruan egindako ataza, ekintza eta jardueren multzoa da. Estrategia Atlantikoko eremu geografikoan gauzatu den edo gauzatzen ari den zeinahi proiektuk (tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo Europakoa, funts publiko nahiz pribatuekin finantzatua) eskaera aurkez dezake.
  • Proiektua eskaeren deialdia iragarri aurreko 36 hilabeteetan hasitakoa izan beharko da (zehazki, 2025eko deialdirako, 2022/09/01etik aurrerako hasiera-data duten proiektuak hartuko dira hautagarritzat).

Informazio gehiago