Europako Batzordeak eta Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteak Migrazioaren Europako X. Foroan parte hartzeko eskaera egiteko deialdia egin diete gizarte zibileko erakundeei.
Ekitaldia 2025eko azaroaren 27an eta 28an gauzatuko da, Bruselan. Erakundeek interesa dutela adieraz dezakete online inprimaki baten bidez. Lege-egoitza EBn izan behar dute, foroko gairen batean esperientzia izan behar dute, eta ekitaldian aktiboki parte hartzeko konpromisoa hartu behar dute. Gonbidapen bidez baino ezin da parte hartu, eta eskaera egiteko azken eguna 2025eko irailaren 8a da.
Migrazioaren Europako Foroaren 10. urteurrenaren edizioa «EBko migratzaileen gaitasunak aprobetxatzea» gaiari buruzkoa izanen da, eta parte-hartzaileei aukera emanen die eztabaidatzeko nola susta daitezkeen hobeki hirugarren herrialdeetako nazionalen gaitasunak eta nola lagun dezakeen migrazioak Europako lan-merkatuaren beharrei aurre egiten. Eztabaidak migratzaileen lan-eskubideen babesean eta legez kanpoko enpleguaren eta lan-esplotazioaren aurkako borrokan ere oinarrituko dira.
Foroko trukeek EBren Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna eta gizakien salerosketaren aurkako borrokaren, langile migratzaileen babesaren eta EBren laneratzeko funtsen eremuko jarduerak izanen dituzte ardatz.
Migrazioaren Europako Foroa urtero egiten den batzarra da, eta gizarte zibilaren eta EBko arduradun politikoen arteko eztabaidarako eta elkarreraginerako gune bat eskaintzen du, migrazioarekin, asiloarekin eta integrazioarekin lotutako gaiei heltzeko. Ekitaldiak migratzaileekin lekuan bertan lan egiten duten erakundeen eta gizarte-solaskideen erronkak hobe ulertzen laguntzen die arduradun politikoei.
Ikusi Migrazioaren Nazioarteko Batzorde Katolikoaren eta Errefuxiatuen Greziako Foroaren ordezkarien 2024ko edizioari buruzko iritzi positiboak.