Mikel Irujo eta Carmen Maeztu kontseilariak, Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa, Bruselan izan dira BSHko enpresa-batzordearekin, Europako erakundeetako ordezkariekin egin duen bileran. Lehendabizi, Elena Sancho, Oihane Aguirregoitia, Estrella Galán eta Pernando Barrena eurodiputatuekin elkartu dira, eta, gero, EBko Industriako eta Enpleguko komisarioen taldeekin.
Elkarretaratzean, Irujok eta Maeztuk batzordearen aldarrikapenak babestu dituzte, eta Ezkirozko lantegiko enpleguaren aldeko erabateko konpromisoa dutela berretsi dute; izan ere, datorren ekainaren 17an hasiko da kontsulta-epea.
Industriako eta Eskubide Sozialetako kontseilariek berriro adierazi dute ez daudela ados atzo BSHko zuzendaritzak aditzera emandako erabakiarekin, hau da, lantegiaren etorkizunerako bideragarriak diren eta instalazioetan jarduerari eustea ahalbidetzen duten aukerak egon arren epea ez luzatzearekin.
Mikel Irujo kontseilariak honako hau adierazi du: “Nafarroako Gobernua langileen ondoan egon da hasieratik. Denbora gehiago eskatzen diogu enpresari, mugimendua eta interesa badaudelako, baina denbora falta zaigulako. Nafarroak asko eskaini du eta ekarpen handia egin du hamarkada hauetan. Denbora gehiago izatea da eskatzen dugun bakarra. Izan ere, hemen ez gara hozkailuez edo ontzi-garbigailuez ari, pertsonez baizik, enpresaren benetako balioaren oinarri diren 655 profesionalez”.
Carmen Maeztu kontseilariak azpimarratu duenez, “Nafarroako Gobernuan funtsezko bi ildotan lanean jarraitzeko konpromisoa dugu, jarduerari eutsiko dion ordezko enpresa bat aurkitzeko eta malgutasun gehiago eskatzeko, eta azkenik, Nafarroako Gobernu gisa, orain hasi den kontsulta-prozesua legezko berme guztiekin egiten dela, legezkotasuna betetzen dela eta enpresak fede onez negoziatzen duela ziurtatzeko”.
Bi kontseilariek Industria Ministerioarekin eta enpresa-batzordearekin egin duten koordinazio-lana nabarmendu dute, eta BSHko zuzendaritzari eta Robert Bosch taldeari gizarte-erantzukizunez jokatzeko eskatu diete.
Azkenik, enpresak prozesu honetan ankerkeriaz jokatu izana kritikatu dute. “Ezin da era honetako erabaki garrantzitsu bat hartu pertsonenganako sentsibilitaterik gabe. Jokaera hori, gizakiengan eta gizartean izan dezaketen eragina kontuan ez hartze hori, ulertezina da”, gehitu dute, amaitzeko.