Dagoeneko zabalik dago POCTEFAko INTERREG Helburuarekin lotutako proiektuen deialdia aurkezteko ekitaldian izena emateko aldia. Ekitaldia ekainaren 11n izanen da, Okzitaniako Tolosa hirian (Hôtel de Région). Ekitaldia 09:30etik 14:30era izanen da, eta bertan INTERREG Helburuaren ezaugarriak jakinaraziko dira. Era berean, ekitaldiaren egunean bertan irekiko den proiektuen deialdia ere jorratuko da.

Ekitaldian aurrez aurre parte hartu nahi baduzu, eman izena inprimaki honen bidez. Ekitaldia online ere jarraitzen ahalko da. Ekitaldiaren agenda hemen dago eskuragarri.

POCTEFAk ekitaldi horretan aurkeztuko du INTERREG Helburuaren deialdia, 2021-2027 aldiko berrikuntzetako bat, gobernantzan lankidetza hobea lortzea eta mugetako oztopoak konpontzea helburu duena. Helburu horrek, zehazki, partaidetza ikuspegia eta gizarte zibilaren inplikazioa sustatzen ditu.

INTERREG Helburuaren proiektuen deialdia azarora arte egonen da irekita, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) 11,6 milioi euroko zuzkidura du. Proiektuen deialdi horretan, POCTEFAren 7. lehentasuneko ekintzak 3 multzotan sailkatu dira. Multzo bakoitzak helburu espezifiko bati laguntzen dio (1. HE eta 2. HE). Hauek dira multzoak:

  1. multzoa. Datuak biltzea.Mugaz haraindiko lurraldeari buruzko informazioa eta ezagutza hobetzea xede duten proiektuak.
    2. multzoa. Oztopoak identifikatzea eta konpontzea.Mugaren ondoriozko oztopoak (juridikoak, administratiboak edo bestelakoak) identifikatzera eta/edo horiek ezabatzen lagunduko duten neurriak ezartzera bideratutako proiektuak.
    3. multzoa. Lankidetza egituratzea eta sendotzea. Lurraldeko agintari publikoen eta gainerako stakeholder-en (alderdi interesdunak) ahalmen instituzionala hobetzeko proiektuak.

Proiektuen hautagaitzak multzoetako batean kokatu beharko dira.

Horrez gain, ekitaldian azalduko da deialdi hau bakarra dela eta bi modalitate daudela aukeran: proiektu klasikoak (200.000 eurotik gorako guztizko kostu hautagarria) eta proiektu txikiak (gehienez ere 200.000 euroko guztizko kostu hautagarria).

POCTEFA programak lankidetza-eremuko sektore publiko eta pribatuko eragileek gidatutako mugaz haraindiko proiektuak finantzatzeko aukerak eskaintzen ditu. Erakunde onuradunak erakunde publikoak, enpresak, garapen-agentziak, taldeak, elkarteak, fundazioak, merkataritza-ganberak edo ikastetxeak izan daitezke, besteak beste.

Informazio gehiago