Europako Inbertsio Funtsak (EIF), hau da, ETEen eta kapitalizazio ertaineko enpresen kapitaletan inbertsioak egiten espezializatuta dagoen Europako Inbertsio Bankuaren (EIB taldea) adarrak, Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioak eta hamaika finantza-erakundek berme-akordioak sinatu dituzte, finantza-erakundeek 2.500 milioi euro ekonomia errealera bideratzeko aukera izan dezaten. Finantzaketa hori berrikuntzan, jasangarritasunean eta lehiakortasunean inbertitu nahi duten ETE eta kapitalizazio ertaineko enpresentzat izanen da. Next Generation EUk finantzatzen duen Erresilientzia Autonomikorako Funtsaren (EAF) ekarpenari eta EIFren funts propioei esker egin dira bermeak. EAFren ekarpena InvestEU programako Estatu Konpartimentuaren bidez eginen da.
Aurreikuspenen arabera, finantzaketa-eskaintza berria Espainiako 6.000 ETE eta kapitalizazio ertaineko enpresak baino gehiagok jasoko dute. Finantzaketa berri horri esker, enpresek errazago inbertituko dute ikerketan, garapenean, berrikuntzan, energia-efizientzian, gizarte-ekonomian eta digitalizazioan, besteak beste. Inbertsioei esker, enpresek trantsizio berde eta digital bikoitzari aurre eginen ahalko diote, eta Espainiako enpresa-sarearen segmentu garrantzitsu horrek lehiatzeko gaitasun handiagoa izanen du.
Berria gaur eman dute, Madrilen, InvestEU Estatu Konpartimentuaren Berme Programaren aurkezpenean. Han izan dira Inés Carpio, Altxorraren Nazioarteko Finantzaketako zuzendari nagusia, Marco Marrone, EIFko Chief Investment Officer, Lucas Ojeda, Europako Batzordearen Espainiako Ordezkaritzako jarduneko zuzendaria, eta programan parte hartzen duten finantza-erakundeen ordezkariak. Ekitaldian parte hartu dute autonomia-erkidegoetako, Espainiako inbertsio-ekosistemako eta enpresa-sektoreko ordezkariek ere.