Datorren asterako (ekainaren 10etik 12ra), Europako Batzordeak EBko Energia Jasangarriaren Astea (EUSEW) antolatu du. Hiru eguneko konferentzia politikoa izanen da, eta Europan energia lehiakor, garbi eta eskuragarrirako trantsizioa nola egin izanen du ardatz.

Aurten, konferentziaren ardatza “Trantsizio berde bidezko eta lehiakorra bultzatzea” izanen da.

Konferentzia inauguratzeko, Energia eta Etxebizitzako komisario Dan Jørgensenek hitzaldia emanen du ekainaren 10ean. Ondotik, Trantsizio Garbi, Bidezko eta Lehiakorrerako lehendakariorde exekutiboak, Teresa Riberak, EUSEW sariak emateko ekitaldian parte hartuko du. Sari horien bitartez, energia garbirako trantsizioan egindako ekarpenagatik nabarmentzen diren pertsona eta proiektuak aintzatesten dituzte. Arratsaldean, Klima, Zero Garbi eta Hazkunde Garbirako komisario Wopke Hoekstrak inaugurazio-hitzaldi bat emanen du,Industria Itun Garbiari buruzkoa.

Konferentziaren baitan, Jørgensen komisarioak hainbat eragilerekin hitz eginen du, EBko legediaren ezarpenaz eztabaidatzeko, legedia hori giltza baita energia berriztagarrien proiektuak baimentzeko prozesuak azkartzeko eta sinplifikatzeko. Energia garbiaren azpiegituren hedapena bizkortzea funtsezkoa da EBk energiaren prezioak murrizteko eta lehiakortasuna bultzatzeko dituen planetan.

EUSEW energia berriztagarriei eta energia-efizientziari buruzko Europako urteko ekitaldirik handiena da. Urtero, 10.000 parte-hartzaile baino gehiago biltzen ditu; besteak beste, arduradun politikoak, sektoreko ordezkariak, enpresak, gizarte zibileko erakundeak eta herritarrak.

Bertaratzeaz gain, konferentzia online jarraitzeko aukera ere badago; betiere, izena eman behar da. Programa osoa online dago eskura.