2024ko ekainean onartutako Migrazioari eta Asiloari buruzko Itunaren aplikazioaren egoeraren berri eman du Batzordeak. Trantsizio-aldiaren erdian, aurrerapauso handiak eman dira, bai EBn, bai estatu kideetan; baina ahalegin gehigarriak egin behar dira oraindik gauzatzeko dauden erronkei aurre egiteko eta EBko migrazioa kudeatzeko sistema berria 2026ko ekainean erabat martxan egonen dela bermatzeko.
2024ko ekainean aurkeztutako egikaritze-plan bateratuan, Batzordeak funtsezko mugarriak ezarri zituen 2026ko ekainean legedi berria arrakastaz aplikatzen hasteko behar diren gaitasun juridiko eta operatiboak martxan jartzeko.
Batzordeak gaur eman du plan horren osagai bakoitzean orain arte emandako aurrerapausoen berri. Batzordea eta EBko agentziak –Frontex, Europar Batasuneko Asilo Agentzia (EBAA) eta Garrantzi Handiko Sistema Informatikoen Kudeaketa Operatiborako EBko Agentzia (eu-LISA)– estatu kideei laguntzen ari dira, bereziki orientabide praktikoen, tresna berrien eta laguntza espezifikoaren bidez. Maiatzean, beste 3.000 milioi euro jarri ziren EBren aurrekontuaren kontura, Ituna aplikatzen laguntzeko eta Ukrainatik etorritako pertsona desplazatuak hartzen dituzten estatu kideei laguntzeko.
Ahaleginak egiten jarraitzeko eskatu die Batzordeak estatu kideei, Ituna arrakastaz aplikatzen dela ziurtatzeko. Arlo teknikoan aurrerapausoak ematen ari badira ere, konpromiso politiko iraunkorra eta estatuak ardura hartzea funtsezkoak dira antzemandako erronkei eraginkortasunez aurre egiteko, datorren urtearen erdialderako erabat prestatuta egon ahal izateko. Hurrengo aplikazio-txostena 2025eko urrian argitaratuko da, asiloari eta migrazioari buruzko Europako urteko lehen txostenarekin batera.