Europako Batzordeak herritarrei eta alderdi interesdunei dei egiten die aurrezki- eta inbertsio-kontuen Europako plan bat garatzen lagun dezaten. Ekimen hori Aurrezkien eta Inbertsioen Batasunaren Estrategiaren parte da, eta haren helburua da herritarrei kapital-merkatuetan parte hartzen laguntzea, haien aurrezkien errentagarritasuna hobetuz eta, aldi berean, EBko enpresentzako finantzaketa handituz, hazteko, berritzeko eta enplegua sortzeko.

Batzordearen datu-deialdiak jardunbide egokienei buruzko informazioa biltzea espero du, aurrezki- eta inbertsio-kontuak kapital-merkatuetarako sarbide egokia izan daitezen txikizkako inbertsiogileentzat. Horretarako, kontu horien tratamendu fiskala ere kontuan hartuko da.

EBko herritarrei hainbat inbertsio-aukera erraz eta merke eskuratzeko aukera ematea funtsezkoa da kapital-merkatuetan inbertitzera adoretzeko. Aurrezki- eta inbertsio-kontuek aurrezteko eta aberastasuna sortzeko aukera gehiago eta hobeak eskain ditzakete une garrantzitsuetan, hala nola erretiroa hartzean, etxe bat erostean edo seme-alaben hezkuntza finantzatzean. Kontu horiei esker, partikularrek kapital-merkatuko tresnak eduki ditzakete –erraz eskuratzeko eta erabiltzeko moduan–, hala nola enpresa kotizatuen akzioak edo inbertsio-funtsetako bonu eta akzioak, eta pizgarri fiskalei edo prozesu fiskal sinplifikatuei etekina atera diezaiekete.

Batzordeak gonbita egiten die EBko herritarrei eta alderdi interesdunei –baita gizarte zibilari, kontsumitzaile-elkarteei, gizarte-solaskideei, enpresei, finantza-merkatuetako parte-hartzaileei eta estatu kideetako agintariei ere– beren ikuspuntuak azal ditzaten «Esan zer pentsatzen duzun» atarian. Datu-deialdia lau astez egonen da zabalik. Batzordeak kontuan hartuko ditu ekarpenak, 2025eko hirugarren hiruhilekoan aurrezki- eta inbertsio-kontuak sortzeko gomendioa egitean.