Espainia orduko Europako Ekonomia Erkidegoari Atxikitzeko Tratatua sinatu zenetik 40 urte igaro direla ospatzea Espainiako demokraziaren norabide europarra ziurtatu zuen ekitaldia oroitzea da. Izan ere, diktadura luze bat atzean utzi eta, Portugalekin batera, arestiko bere historiako kapitulurik bikainena idatzi zuen, Europa demokratikoa besarkatuz gogoz eta uste osoarekin. Elkartasuneko eremu politiko batean integratu zen erabat, oparotasun partekatuko eremu ekonomiko batean, etengabeko errespetu eta lankidetzako eremu instituzional batean.
Baina egun hori gure kontinentearen historia kolektiboko gertakari garrantzitsu bat ere izan zen. Orduan, erkidegoan hamar estatu kide zeuden, eta bide-erakusle izan zen zabalkuntza bat antolatu zen. Europa hegoaldeko herrialdeetako trantsizio demokratikoen sendotzearen lehen hedapena izan zen, lau urte lehenago Grezia atxiki zenean hasitako zikloa itxiko zuena. Lehen aldiz, erakundea ez zen irizpide ekonomikoen arabera handitu, irizpide politikoen arabera baizik. Merkatu bat baino gehiago, Espainiak Europari demokrazia gehiago eman zion. Hedapen horrek eragin erabakigarria izanen zuen Berlingo Harresia erori ondokoetan, eta Europar Batasuna behin betiko sendotuko zuen balio demokratikoen, oparotasunaren eta bakearen egitasmo gisa.
Lau hamarkada geroago, Espainia eta Europar Batasuna senidetutako kasu arrakastatsuak dira. Espainiako ekonomia % 123 hazi zen, barne-merkatua Europako eremura zabaltzearen ondorioz. Gaur egun, Espainia mundura irekita dagoen ekonomia bat da, merkatu globaletan aitzindari diren enpresak eta kualifikazio handiko herritarrak dituena, zeinek nabarmen laguntzen baitiote Europako ekonomiaren hazkundeari. Giza garapenaren adierazleak ere, hau da, osasunari, hezkuntzari, berdintasunari eta errentari buruzko adierazleak, askoz maila altuagoan daude gaur egun. Azpiegitura handien hedapenak, lurralde- eta gizarte-kohesioak eta autonomien estatuaren garapenak Espainia demokratikoa indartu dute, betiere Europako elkartasun sendoak lagunduta.
Europaren elkartasun eta babes horiek oso garrantzitsuak izan ziren segurtasunaren, askatasunaren eta justiziaren esparruan ere, ETA talde terrorista deuseztatzeko, zeinak, atxikitze-tratatua sinatu zen egun berean, ETAk lau pertsona hil baitzituen Madrilen eta Euskal Herrian. Ikaragarria da Espainia azken 40 urteotan nola aldatu den, hobera aldatu ere. Baina ikaragarria da, halaber, Espainiak nola lagundu dion eta laguntzen dion egunero Europako proiektuari. Espainiak zeregin aktiboa izan du Europaren eraikuntzan. Ez bakarrik dinamismoa eta bizitasuna eman dizkiolako, baita abangoardian jarri eta eskubide eta askatasunetan emandako aurrerapausoen eta berdintasunaren aldeko borrokaren eredu bihurtu delako ere. Modu erabakigarrian lagundu du gaur egun guztiz naturalak eta guztion ondare diren ideiak garatzen, hala nola ‘europar herritartasun’ kontzeptua –dakartzan eskubide eta onurekin–, lurralde-kohesiorako politika, Erasmus programa –lehendakariak hemen gogorarazi zuen bezala– eta Latinoamerikarekin, Afrikako kontinentearekin eta Mediterraneo osoarekin loturak estutzeko premia.
Gure herri guztiak Europaren parte aktibo izateak, egunez egun eraikitzeak, gure kontinentea bake- eta aurrerapen-lurralde bihurtzen du, eta baita oparotasun-eremu ere. Azken hamarkadetan errotik aldatu den Europa. 1985ean hamar ginen. Gaur egun, etengabeko hedapenei esker, 27 demokrazia integratu eta oparo gara: bakearen eta garapen ekonomikoaren alde egin dezakegun inbertsio geopolitiko handiena. Bloke antagonikoen sistema batean bizi ginen. Gaur egun, ordena multipolar batean bizi gara eta harreman komertzial eta diplomatikoak ditugu bata bestearekin. Europa erdibituta zegoen. Gaur egun, 450 milioi herritarrez osaturiko Batasun bat, merkatu bateratu indartsua eta munduan indar handia duen txanpon bakarra ditugu.
2025 urtera iritsi gara, eta Espainiak eta Europar Batasunak, elkarrekin, arrakasta izan dute. Bien arteko harremanak une zailak gainditu zituen, elkar aintzat hartu zutelako itxaropena itzaltzen ari zela zirudienean. Gainditu genituen finantza-krisietan, adibidez. Kontrolatu genituen inflazio-zikloetan. Garaitu genuen pandemian.
Europar Batasuna da, zalantzarik gabe, herrien arteko elkartasun-proiekturik onena, etxe komun bat, une on eta txarrei elkarrekin aurre egiten laguntzen diguna. Batasun eta indar horiek behar ditugu klima-aldaketari, goseari, pobreziari, desberdinkeriei, etxebizitzaren prezioaren igoera larriari eta garapen globalari aurre egiteko. Eta gai horretan, Espainia aitzindari izanen dugu beti; horren erakusgarri da datorren uztailean garapenaren finantzaketaren gainean eginen den biltzarra. Batasun eta indar horiek behar ditugu nazioarteko zuzenbidea defendatzeko, munduan nonahi, Ukrainan zein Gazan. Eta batasun eta indar horiek behar ditugu ustekabeko krisi eta mehatxuei erantzuteko.
Duela 40 urte, Errege Jauregi honetan bertan, Felipe Gonzálezek argi eta garbi azaldu zuen egun hark Espainiarentzat eta Europarentzat zer esanahi zuen. Utz iezadazue, beraz, haren hitzak aipatuz amaitzen: “Ekitaldi hau Europa sendotzeko ekitaldi bat da. Izan dadila, halaber, Europa bidezkoago, solidarioago eta batuago bat eratzeko itxaropenaren erakusgarri. Hura eraikitzera deitu baikaituzte denak”. Hala izan da ordutik. Eta sinetsita nago hala izaten jarraituko duela.
Ziur nago gure konpromisoarekin, gure irudimenarekin, gure akordiorako, lanerako eta buru-belarri jarduteko gaitasunarekin, Europako historiaren kapitulurik onenak elkarrekin idazten jarraituko dugula, gure Batasuneko herri guztiekin, eta geure eskuz.