Europako Batzordeak N,N-dimetilazetamida (DMAC) eta 1-etilpirrolidin-2-ona (NEP) substantzia kimikoen erabilera mugatu du, langileak substantzia horien eraginpean egotetik babesteko.

DMAC eta NEP disolbatzaileak industria-prozesu askotan erabiltzen dira, barne hartuta produktu kimikoen, estalduren, garbiketa-agenteen eta zuntzen ekoizpena. DMAC disolbatzailea zuntz sintetikoak eta kable elektrikoetarako bernizak fabrikatzeko erabili ohi da, eta NEP disolbatzailea, berriz, garbiketa-soluzioetan, produktu agrokimikoetan eta eraikuntzako materialetan. Bi substantziak laborategietan ere erabiltzen dira.

Europar Batasuneko substantzia eta prestakin kimikoak erregistratzeari, ebaluatzeari, baimentzeari eta mugatzeari buruzko Erregelamenduaren (REACH) arabera hartutako neurri berriek esposizio-muga zorrotzak ezartzen dituzte, bai arnasteko orduan, bai larruazalarekin kontaktuan egoteko orduan. Muga horiek substantziak erregulartasunez manipulatzen dituzten langileak babestuko dituzte.

Neurri berriak aplikatzen laguntzeko, Substantzia eta Prestakin Kimikoen Europako Agentziak (ECHA) lehendik dauden jarraibideak eguneratuko ditu, substantzia horiek gehitzeko. Horrek enpresei lagunduko die baldintza berriak hobeki ulertzen eta betetzen.

Murrizketa hemezortzi hilabeteko epean aplikatuko da, erabiltzaileak baldintza berrietara egokitu ahal izateko. DMAC disolbatzailea zuntz sintetiko edo artifizialen sektoreetan erabiltzeko, berriz, lau urteko epe luzeagoa aurreikusten da. Informazio gehiago esteka honetan.