Europako Batzordeak, Europako Inbertsio Bankuaren laguntzarekin, 20 milioi euro jarriko ditu arnas birusetatik babesteko diseinatutako sudurreko aerosolak garatzeko. Helburu horrekin, Europako Batzordeak, Osasun Larrialdien aurrean Prestatzeko eta Erantzuteko Agintaritzaren (HERA) bidez, inbertsio akordio bat sinatu du Herbehereetako Leyden Labs bioteknologia enpresarekin.

Sudurreko aerosolek antigorputzak isurtzen dituzte sudur-hobian zuzenean, infekzioak sarrera-puntuan bertan geldiaraziz eta transmisioa potentzialki prebenituz. Ikuspegi berritzailea da, arreta jarri baita familia birikoen alderdi komunetan eta ez aldaera jakin baten ezaugarrietan. Horrela, babes zabala eskaintzen da hainbat birusen aurka, tartean daudela birus berriak. Azken batean, teknologiaren eskutik, irtenbide unibertsala ematen zaie arnas birusei, norbanakoaren immunitate-egoera edozein dela ere, hau da, txerto baten aurrean behar bezala erantzuten ez dutenendako zein txertorik hartzen ez dutenendako dira baliagarriak sudurreko aerosolak.

Hadja Lahbib Berdintasun, Prestakuntza eta Krisi Kudeaketako komisarioak honako hau nabarmendu du: «Arnas birusak ohikoak dira eta guztioi eragiten digute, batez ere, ikuspegi medikotik ahulenak direnei. Konpromisoa dugu berrikuntzan inbertitzeko, arnas birusen aurkako prestakuntza eta babesa indartzeko asmoz. Bada, lortutako akordioak gure konpromiso hori berresten du. HERA Invest adibide bikaina da ikusteko nola kokatzen den Europa aurrerapen medikoen abangoardian osasun-mehatxu larriei erantzuteko orduan».

HERA Invest ekimen enblematikoa da Europarendako, eta kontinenteak osasun-larrialdiei aurre egiteko duen autonomia estrategikoa hobetzeko diseinatuta dago. Ekimenak 110 milioi euroko babesa jaso du EU4HEALTH programaren aldetik, InvestEU ekimenaren parte gisa, eta enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago. Europako Inbertsio Bankuak, HERA Invest ekimenarekin batera, mailegu arriskutsuak ematen ditu, gehienez proiektuen kostuen % 50 estaltzen dutenak. HERA Invest ekimenaren helburua da finantza-arrakala gainditzea, sektore pribatuko baliabideak nahikoa ez direnean, eta, horretarako, funts publikoak mobilizatzen ditu, kontraneurri medikoen garapenean inbertsio pribatua sustatzeko. Eremu horietan ikerketa eta garapena babestuz, HERA Invest ekimenak bermatu nahi du Europak prest egoten jarraituko duela etorkizuneko osasun-erronkei aurre egiteko.

Informazio gehiago