Udako hilabeteetan zehar sute arriskua areagotzen dela aintzat hartuta, Europar Batasunak hainbat suhiltzaile talde eta aireontzi prestatu ditu gertu egon eta beharrezkoa balitz suteek kolpatutako herrialdeei laguntzeko.
Tokian tokiko suhiltzaileei larrialdi egoeretan laguntza azkarra eman ahal izateko asmoz, Europako hamalau herrialdetako 650 suhiltzaile arrisku altuko toki estrategikoetan kokatuko dira Frantzian, Grezian, Portugalen eta Espainian. Horri esker, herrialde horietako suhiltzaile kopurua areagotu eginen da udako hilabeteetan zehar.
Horrez gain, suteak itzaltzeko erabiltzen diren 22 hegazkin eta lau helikoptero prest izanen dira Europar Batasuneko hamar herrialde kidetan, beharrezkoa balitz lehenbailehen esku hartzeko. Europar Batasuneko babes zibileko mekanismoaren bitartez koordinatu eta kofinantzatutako baliabideok, sute arriskua arintzeko lan eginen dute, eta krisi unetan azkarrago eta irmoago erantzutea ere ahalbidetuko dute. Aintzat hartu behar da, gainera, mobilizatutako baliabideez gain, herrialde bakoitzak tokian toki dituenak ere erabiliko direla.
Are, egoera okertuko balitz, suteak itzaltzeko lurreko beste 19 talde (bakoitza 30 suhiltzaile ingurukoa) eta aholkularitzako eta ebaluazioko beste bat ere prest izanen dira, Europar Batasuneko babes zibileko mekanismoak mobiliza ditzan beharrezkoa balitz, estatu kideekin elkarlan estuan betiere.
Horrez gain, baso-suteei aurre egiteko talde espezifiko bat sortuko da urte guztian zehar 24 orduz martxan izaten den Larrialdiei Erantzuteko Europar Batasuneko Koordinazio Zentroan. Talde espezifikoaren zeregina arriskuak ikuskatzea eta datu zientifikoak aztertzea izanen da.
Hartutako ikuspegi proaktiboak argi uzten du Europar Batasunak hondamendiei aurre egiteko duen konpromiso irmoa, tartean klima aldaketak larriagotu dituen arriskuak. Azken batean, herritarrak, etxeak eta ingurumena babesteko indarrak batzea da asmoa.