Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak ehun bat aditu bildu ditu Iruñean. Hizkuntza gutxituen bizitasun handiko eremuen garapen jasangarriari eta sarearen zuzendaritza aldatzeari heldu dio
Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok nabarmendu du Foru Komunitateak Europa eleaniztun eta kulturalki anitzaren aldeko apustua egiten duela Iruñean egin den Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen (NPLD) urteroko topaketan. Hizkuntzalaritzan adituak diren Europar Batasun osoko ehun bat pertsona bertaratu dira topaketara, eta gai nagusia hizkuntza gutxituen bizitasun handiko eremuen garapen jasangarria izan da. Era berean, sareko zuzendaritza batzordeak erakundearen zuzendaritzaren erreleboa erabaki du.
NPLDren batzar nagusia Iruñeko Tres Reyes hoteleko Enrique IV.a aretoan egin da. Topaketari hasiera emateko, NPLDko presidenteorde Mikel Etxebarriak, Europako Batzordeko eleaniztasunean aditua den Anna Solék eta lehendakariorde Ana Ollok hitz egin dute. Gogora ekarri nahi dugu Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentua izan dela, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bidez, joan den asteazkenetik, maiatzak 7, hizkuntza gutxituetan adituak diren ehun pertsona inguru bildu dituen jardunaldien anfitrioia, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen Batzar Nagusia dela-eta.
“Europaren egunean, giza eskubideetan oinarritutako Europa aldarrikatu behar dugu, aniztasun kulturalean, baita linguistikoan ere, gizarte demokratikoagoa eraikitzeko balio duena”, nabarmendu du Ollo lehendakariordeak bere hitzaldian.
Egungo garai nahasiak ere aipatu ditu, “non uniformetasun mezuak, mezu faxistak, aniztasuna aurre egin beharreko arriskutzat duen eskuin-muturra eta eskuina dauden; hortaz, hizkuntza aniztasunaz hitz egitea gizarte askeago, pluralago eta, batez ere, demokratikoago baten alde egitea eta lan egitea da”.