2024 urtean, Europar Batasuneko herritarren % 93k Internet erabili zuten, eta enpresen % 13k adimen artifizialeko teknologiak (AA). Horiek dira Eurostat estatistika bulegoaren ‘Digitalizazioa Europan’ azken argitalpen interaktiboan jasotako datuetako batzuk. Argitalpen horrek eraldaketa digitalari, online pertsonei eta online negozioei buruzko informazioa ematen du.
‘Digitalizazioa Europan’ argitalpenak Europar Batasuneko herritarrek eta enpresek teknologia digitalak nola erabiltzen dituzten aztertzen du, bistaratze dinamikoen eta ondorio nagusien laburpenen bidez. Gainera, estatu bakoitzeko eta Europako datuak hainbat adierazlerekin alderatzeko aukera ematen du.
Eurostatek bildutako azken datuen arabera, europarren % 90ek baino gehiagok gutxienez astean behin erabiltzen du Internet, baina % 56k soilik ditu gaitasun digitalak.
Gainera, 2024an Europan 10 milioi pertsonak baino gehiagok egiten zuten lan IKTetako espezialista gisa; hau da, enplegu osoaren % 5ek. Ehuneko horrek % 1,6 egin du gora 2014tik. Esparru horretan, nabarmentzekoak dira Suedia (% 9), Luxenburgo eta Finlandia (biak % 8rekin); Espainiaren ehunekoa, berriz, % 4,7 da.
Emakumeen ehunekoak IKTetan gorakada txiki bat izan du azken urteetan, baina 2024an % 81 gizonak ziren. Estonia (% 28), Errumania, Bulgaria eta Letonia (% 27) dira emakumeen ehuneko handienak dituzten herrialdeak.