Gaur, Luxenburgon, Robert Schumanen jaioterrian, 1950eko maiatzaren 9ko adierazpen historikoa gogoratu dugu. Adierazpen horrek egungo Europar Batasunaren oinarriak ezarri zituen.

Duela hirurogeita hamabost urte, Bigarren Mundu Gerraren suntsipenetik suspertzen ari zen kontinente batean, lider ameslariek ikatzaren eta altzairuaren ekoizpena eta merkatuak mankomunatzea erabaki zuten, Europan bake iraunkorra bermatzeko. Ahalegin xume baina aitzindariak egin zituzten (lehia historikoaren ordez subiranotasun partekatua ezartzea, integrazio ekonomiko eta politikoaren bidez), eta horri esker Europan oparotasun, bake, demokrazia, elkartasun eta lankidetza aro baterako bidea finkatu zuten.

Denborarekin, gero eta herrialde gehiagok erabaki zuten Europako proiektu komunarekin bat egitea, eta horrek agerian uzten du balio partekatuak, demokrazia eta gure kontinenteko herrien arteko batasuna erakargarriak direla.

Gaur egun ere, oraindik ez da akitu Europan bakearen alde egiten dugun lana, horixe baita Schuman Adierazpenaren funtsa. Europak beste behin ere erronka handiei egin behar die aurre. Errusiak Ukraina erasotzearen ondorioz, gerra gugandik hurbil-hurbil dago. Munduko tentsioak handitzen ari dira. Klima-aldaketak milioika pertsonen bizitzari eragiten dio Europan eta mundu osoan.

Gure herriak bat egiten dituen Europako proiektuarekin dugun konpromiso handia berretsi nahi dugu, baita Europar Batasunaren inbertsio geopolitikorik onena zabaltzearekin dugun konpromisoa ere. Asko ahalegintzen ari gara oparotasun ekonomikoa, lehiakortasun handiagoa eta aurrerapen soziala bermatzeko, Europako herritarren mesedetan. Aurrekaririk gabeko neurriak hartzen ari gara gure segurtasuna, defentsa eta autonomia estrategikoa sendotzeko. Arauetan oinarritutako nazioarteko ordena defendatzeko, multilateralismoa indartzeko eta munduko kide fidagarri gisa jarduteko prest gaude.

Europa da bere patuaren jabea. Bake bidezko eta iraunkorra lortzeko egiten dituen ahalegin guztietan, Ukrainak gure babesa du. Schuman Adierazpenaren espirituak bere horretan dirau, eta Europan bakea, oparotasuna, elkartasuna eta lankidetza bermatzeko indarrak batu ahala gidatzen jarraituko gaitu.

Informazio gehiago