Europako Batzordeak kontsulta publiko bat jarri du abian adingabeak online babesteko jarraibideen proiektuari buruz, Zerbitzu Digitalen Legearen esparruan. Aurrerapauso horrekin, Batzordeak lineako ingurune seguruagoa sortu nahi du haurrentzat, adingabeen pribatutasun-, segurtasun- eta babes-maila handia bermatzen duten eta adingabeentzat irisgarriak diren lineako plataformei lagunduz.

Jarraibideen proiektuak hainbat neurri biltzen ditu, hala nola erabiltzaileen adina egiaztatzea, edukien gomendioak hobetzea haurrek eduki kaltegarriekiko duten esposizio-arriskua murrizteko, adingabeen kontuak lehenespenez pribatuak izatea, jardunbide hobeak adingabeentzako eduki seguruak moderatzeko, haurrei egokitutako salaketa- eta laguntza-kanalak, eta plataformen barne-gobernantzari buruzko orientabideak.

Alderdi interesdunei asko kontsultatu zaie, baita «Haurrentzako Internet hobea» estrategiaren enbaxadore gazteei ere, jarraibide-proiektua garatzen lagundu baitute. Jarraibideetan zirriborratutako neurriak adingabeak sar daitezkeen tamaina guztietako lineako plataformei aplikatuko zaizkie —mikroenpresei eta enpresa txikiei izan ezik—, baita EBn hilean 45 milioi erabiltzaile baino gehiago dituzten lineako plataforma oso handiei ere.

Jarraibideen proiektuari buruzko kontsulta publikoa eginen da 2025eko ekainaren 10era arte. Batzordeak alderdi interesdun guztien ekarpenak jaso nahi ditu: haur, guraso eta tutoreenak, agintari nazionalenak, lineako plataformen hornitzaileenak eta adituenak, besteak beste.

Batzordeak jarraibideak 2025eko uda baino lehen onartzeko asmoa du. Mugarri garrantzitsua izanen da EBk haurrentzako ingurune digital seguruagoa sortzeko egiten dituen ahaleginetan.

Informazio gehiago jarraibideen proiektuan.