Europako Batzordea herritarren, enpresen, agintari publikoen, gizarte zibilaren eta EBko beste alderdi interesdun batzuen iritziak biltzen ari da etxebizitzari buruz, Etxebizitza Eskuragarrien Europako Plana garatzen laguntzeko eta etxebizitzaren krisiari aurre egiteko. Batzordeak datuen deialdi baten bidez bilduko ditu iritzi horiek. Etxebizitzaren eskuragarritasuna hobetzea lehentasun politikoa da Dan Jørgensen Etxebizitzako lehen komisarioarentzat. Datuen deialdi hau hilabetez egonen da irekita, ekainaren 4ra arte, eta, ondoren, ekainetik urrira, kontsulta publiko zehatzagoa eginen da. 2025ean zehar, Europako Batzordeak etengabe landuko du etxebizitza eskuragarriaren gaia, milioika europarri eragiten dien arazoari aurre egiteko.

Apirilean, etxebizitza eskuragarrira zuzendutako kohesio-politikaren finantzaketaren zenbatekoa bikoiztea proposatu zen, eta inbertsio plataforma paneuropar bat abian jartzeko lehen urratsa eman zen. Otsailean, Europako Batzordeak Energia Eskuragarrirako Europako Ekintza Plana onartu zuen. Plan horrek epe laburrerako neurriak jasotzen ditu energiaren kostuak jaisteko, fakturak merkatzeko eta pobrezia energetikoa murrizteko.

Era berean, Batzordea Etxebizitzaren Aholku Kontseilua sortzen ari da, eta 15 kideek Etxebizitza Eskuragarrien Planari buruzko gomendio politiko independenteak emanen dituzte.

Europako Batzordearen etxebizitzari buruzko webgune berrian, Batzordeak informazioa biltzeko eta parte-hartze inklusiboa bermatzeko moduari buruzko informazio gehiago aurki daiteke.

Informazio gehiago