Eskualdeetako Lantaldearen bilkuran parte hartu du, 2025-30 agintaldiko lehentasun politikoak ezartzeko

Maria Chivite Navascues Nafarroako lehendakariak Europako eskualdeen parte-hartzea azpimarratu du “hurbileko eragile gisa eta kudeaketaren gardentasunaren eta eraginkortasunaren bermatzaile gisa” Eskualdeetako Lantaldearen osoko bilkuran, 2025-2030 agintaldi berrirako lehentasun politikoak eta aurrekontu-ardatzak eztabaidatu baitituzte gaur goizean.

Osoko bilkuran Chivitek nabarmendu du “eskualdeak ezinbestekoak garela”, eta, horregatik, azpimarratu du Eskualdeetako Lantaldeak “bere zeregina defendatu behar duela, kohesio-politikek erreferente izaten jarrai dezaten”. Ildo horretan, nabarmendu du “aniztasuna, heterogeneotasuna eta eskualde-ikuspegia funtsezkoak direla politikak egokiak izan daitezen eta Europako herritar guztien beharrei erantzun diezaieten”.

Lehentasun politikoen artean, 2030ari begira, Eskualdeetako Lantaldeak etxebizitza eskuragarria lortzeko aukera bermatuko duten etxebizitza-politikak sakon landuko ditu, lurralde-ikuspegiko kohesio-politikak eta oparotasun partekatua lortzeko bidezko trantsizio ekonomiko eta soziala bultzatuz.

Gainera, garapen industrialari dagokionez, garapen berritzaile, digital eta jasangarriko eredu baten alde eginen da, talentuan eta kalitatezko enplegua sortzean oinarritua.

Eskualdeetako Lantaldearen bestelako lehentasunen artean, nabarmentzekoak dira genero-berdintasuna bultzatzea edo bizikidetza eta elkarrizketa eraikitzailearen eredu izanen den Europa demokratikoa sustatzea.

Informazio gehiago