Nafarroako Gobernuak, Ana Ollo lehendakariordeak eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak ordezkatuta, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareko (NPLD) ordezkariei harrera egin die Nafarroako Jauregian, haien urteko batzarraren harira. Europako hizkuntza gutxituen ehun bat adituk hartuko dute parte maiatzaren 9ra (ostirala) bitartean Iruñean antolatu diren jardunaldietan; zehazki, Europako 15 eskualde gobernutako ordezkariak eta 25 erakundetako kideak (hala nola unibertsitateetakoak eta hizkuntza arloko elkarteetakoak) bilduko dira.
Egindako hitzaldian, Ollo lehendakariordeak tokian tokiko hizkuntzek eta kultura aniztasunak Europan duten garrantzia azpimarratu du, “integraziorako eta gizarte kohesiorako balio” diren aldetik. Aste honetan, hain justu, Nafarroako Gobernua hainbat ekitaldi egiten ari da ‘Nafarroako Europako Astearen‘ baitan, eta, NPLDren jardunaldiez gain, Katalunia, Euskadi, Galizia, Balear Uharteak, Nafarroa eta Valentziako gobernuen arteko Hizkuntza Politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren Jarraipen Batzordea bildu da Iruñean. Batzorde horri, hain zuzen, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, bi bilkura instituzionalen anfitrioiak, egin dio harrera, Euskarabidea–Euskararen Nafar Institutuaren egoitzan.
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareko (NPLD) kideei gaur arratsaldean egin zaien harrera-ekitaldi instituzionalean, Ollo lehendakariordearekin batera, Bartomeu Riera Sareko presidenteak eta Javier Arakama Euskarabideko zuzendari gerenteak hartu dute hitza.
NPLDko zuzendaritza batzordearen eta batzar nagusiaren lan-bilerak Nafarroan egiten diren lehen aldia da (2010etik da NPLDko kide). Hori dela eta, Ollo lehendakariordeak azpimarratu du Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuak eta berak ordezkatzen duen departamentu osoak —2015ean Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika zuzentzeko ardura hartu zuenetik— zeregin aktiboa izan dutela hizkuntza aniztasuna Europako balio gisa eta tokian tokiko hizkuntzen kohesiorako eta gizarte integraziorako oinarri gisa defendatzen dituzten foroetan, NPLDren foro honetan kasu.
“Gure departamentua osatzen duten beste bi Zuzendaritza Nagusiak Kanpo Ekintzakoa eta Memoria eta Bizikidetzakoa dira, eta bi arlo horiek agerian uzten dute gure joera europazalea eta aniztasunarekiko eta giza eskubide guztiekiko errespetuzkoa, Gobernu gisa ditugun gure jardun ildo guztiak definitu nahi dituena” adierazi du Ollok.
Ildo horretan, lehendakariordeak azpimarratu du NPLD baliagarria dela “gure hizkuntzen etorkizuna bermatzeko aurrean ditugun erronkei erantzuteko”. Era berean, oso positibotzat jo ditu politika mota hauetan lankidetzan aritzeko guneak, NPLD adibidez, foro egokiak baitira “hizkuntza politikako jardunbide egokiak eta esperientziak trukatzeko, eta gure berezko hizkuntzen defentsan aliantzak egiteko, Europako politika publikoaren agendan tokian izan dezaten”.