Nafarroako Gobernuak Kanpo Ekintzako II. Plana (2025-2028) (esteka) onartu du gaurko saioan. Plan horren helburua, hain zuzen, Nafarroak nazioartean duen posizioa indartzea da, Europarekiko konpromiso argia, mugaz gaindiko bokazioa eta, mundu globalizatu honetan, Komunitatetik kanpo dauden nafarrekiko harremanaren areagotzea abiapuntutzat hartuta. Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak 2025-2028 aldirako departamentuen arteko plangintzaren oinarrizko ildoak azaldu ditu, 34,3 milioiko aurrekontuarekin. Dokumentuak 136 ekintza biltzen ditu, hiru ardatzetan banatuta. Neurri horiek parte-hartze prozesu batean aberastu dira, Gobernu Irekiaren bidez eta eragile sozioekonomiko eta instituzionalekin izandako harremanen bidez, hain zuzen ere.
Plan honen helburua da Foru Komunitateak parte-hartzeari eta nazioarteko proiekzioari dagokionez azken hamarkadan egindako jauzia —Kanpo Ekintzako I. Planaren (2021-2024) bidez lorturikoa— sendotzea; hain zuzen ere, ekintza plan hori eta horren balantzea hartu dira oinarri tresna berri hau garatzeko. Nazioarteko egungo testuinguruan, Ana Ollok Europarekiko konpromisoa indartzearen garrantzia azpimarratu du, baita beste ardatz batzuk ere, hala nola kanpoan dagoen nafar komunitatearekiko harremana sustatzea eta mugaz gaindiko harremanei arreta berezia ematea ere, azken hori aukera bikaina baita Nafarroarako.
Kontseilariak gogorarazi du bi plan horien sustraiak aurreko legealdian arlo horretan egindako biraketan daudela. Zehazki, Bruselako Bulego Iraunkorra berreskuratzearekin hasi zen, eta Nafarroa Euroeskualdean sartuz (2017) eta Next Estrategia definituz jarraitu zen (2019); gerora, kanpoan dauden nafarrekiko harremanei buruzko Foru Legearen garapenean txertatu da estrategia hori.