Europako Batzordeak argitaratutako Eurobarometroaren inkesta berri baten arabera, elkarrizketatutako europarren % 87k uste du kulturak eta kultur trukeek leku garrantzitsua izan behar dutela EBn, estatu kide desberdinetako herritarrak europarrago senti daitezen. Inkestatuen % 86k dio kultur ondarea garrantzitsua dela Europarako. Bestalde, % 77k uste du artistek askatasunez adierazten ahal dituztela beren ideiak eta iritziak, Gobernuen zentsura edo errepresaliaren beldurrik gabe.

Nolanahi ere, askatasun artistikoaren pertzepzioa aldatu egiten da estatu kide batetik bestera. Azken 12 hilabeteetan, europarren ia erdiek parte hartu dute jarduera artistikoetan; hala, nabarmen handitu da 2013ko % 37rekin alderatuta. Eurobarometro horren arabera, bestalde, europarrek uste dute beren herrialdeak eta Europar Batasunak lankidetza estuagoa izan beharko luketela kultur politikaren arloan.

«Emaitza horiek argi erakusten dute kultura garrantzitsua dela europarrentzat, ez soilik haien nortasunaren parte delako, baita Europaren etorkizunerako oinarri komuna delako ere» adierazi du Glenn Micallef Belaunaldi arteko Ekitate, Gazteria, Kultura eta Kirol komisarioak. «Herritarrek argi eta garbi adierazten dituzte beren espektatibak: bidezko ordainsaria artistentzat, askatasun artistikoaren babesa eta kulturarako sarbide hobea. Informazio horrek eragin zuzena izanen du urte hondarrean aurkeztuko dudan Europarako Kulturaren Iparrorratzean».

Inkesta 2025eko otsailetik apirilera bitartean egin zen, eta EBko 26.300 herritar baino gehiagoren erantzunak jaso zituen. EBko 27 estatu kideetako bakoitzari buruzko txosten zehatza eta informazio fitxak gaur bertan argitaratu dira, Eurobarometroaren webgunean.

Informazio gehiago