EBk % 45etik % 19ra murriztu du Errusiako gasaren inportazio kuota, 2022ko maiatzean mendekotasun energetikoa murrizteko abiatutako REPowerEU Planari esker.  Hala ere, 2024an, EBk halako gorakada bat izan zuen Errusiako gas inportazioetan. Horregatik, Europako Batzordeak bide-orri bat aurkeztu du EBk Errusiako energiarekin duen mendekotasuna erabat ezabatzen duela bermatzeko, eta, aldi berean, horniduraren egonkortasuna eta energiaren prezioak EB osoan garantizatzeko.

Bide-orriak Errusiako petrolioa, gasa eta energia nuklearra EBko merkatuetatik pixkanaka erretiratzea aurreikusten du, modu koordinatu eta seguruan, EBk energia garbietarako trantsizioa egiten duen heinean. EBko herrialdeek planak eginen dituzte 2025aren hondarrerako, definitzeko nola ezabatuko dituzten mailaka Errusiako gas, energia nuklear eta petrolio inportazioak. Aldi berean, EBko trantsizio energetikoa bizkortzeko eta energia hornidura dibertsifikatzeko lanean jarraituko da, horniduraren segurtasunerako eta merkatuaren egonkortasunerako arriskuak ezabatzeko.

Bide-orrian, neurri hauek hartu dira:

  • Gasa: 2027 hondarrerako Errusiako gas inportazio guztiak etetea, Errusiako gasak EBko merkatuetan duen gardentasuna, ikuskapena eta trazabilitatea hobetuz. Errusiako gas hornitzaileekin kontratu berriak egitea eragotziko da, eta, 2025aren hondarrerako, spot kontratuak (berehala ordaintzekoak) bertan behera utziko dira.
  • Petrolioa: neurri berriak hartzea petrolioa garraiatzen duten Errusiako “itzalpeko ontzidiari” heltzeko (Errusiak zigorrak saihesteko erabilitako ontziak dira horiek).
  • Nuklearra: Euratom Hornidura Agentziak uraniorako, uranio aberasturako eta Errusiatik eratorritako beste material nuklear batzuetarako sinatutako hornidura kontratu berriak mugatzea.

Errusiako energia pixkanaka ezabatzean, REPowerEU bide-orriak murriztu eginen ditu EBk aurre egin behar dien segurtasun arriskuak. Gainera, Lehiakortasun Iparrorratzak, Industria Itun Garbiak eta Energia Eskuragarrirako Ekintza Planak ezarritako plan ekonomikoari lagunduko dio. Energia sistema garbiago eta independenteago batek bultzatzen du ekonomia, eta, aldi berean, izugarri laguntzen du Europaren deskarbonizazio anbizioetan. Ildo horretan, Batzordeak bide-orria babesteko lege-proposamenak aurkeztuko ditu datorren hilean.

Informazio gehiago