Urtero Zero Hondakinen Nazioarteko Eguna ospatzen da, hondakinak modu arduratsuan kudeatzearen garrantziaz kontzientziatzeko eta kontsumo eta ekoizpen jasangarriak sustatzeko. EBn, pertsona batek batez beste 511 kg hondakin ekoizten ditu urtean, eta % 38 bakarrik birziklatzen da. Erronka larria da hori, eta EB horri aurre egiteko neurriak hartzen ari da. Ikus dezagun nola.
Hiru helburu nagusik gidatzen dute EBk hondakinak kudeatzeari dagokienez duen ikuspegia:
- hondakinen kudeaketa hobetzea
- birziklatzean berrikuntza bultzatzea
- isurketak mugatzea
Hondakinen Esparru Zuzentaraua da EBn hondakinak tratatzeko eta kudeatzeko EBren esparru juridikoa. Hondakinak kudeatzeko lehentasun ordena bat ezartzen du, «hondakinen hierarkia» izenekoa, non prebentzioa baita lehentasunezko aukera eta ezabatzea, aldiz, azken baliabidea. Era berean, EBk beste hainbat arau espezifiko ditu, hala nola bateriak nahiz hondakin biodegradagarriak kudeatzeko edo garraioa nahiz balio-bizitzaren hondarrean dauden ibilgailuak kudeatzeko.
Otsailean, ontziei eta ontzi-hondakinei buruzko EBren arauak jarri ziren indarrean. Horien helburua da erabilera bakarreko plastikoen erabilera murriztea, ingurumen zabor asko sortzen baitute. Horren barne daude, adibidez, ongailu, saltsa, azukre eta kafe-kremetarako plastikozko ontzi txikiak, behin bakarrik erabili eta gero bota egiten baitira; hortaz, ordezko aukerak bilatu behar dira.
Ekonomia zirkularragoa eta erresilienteagoa lortzeko lana ez da mugatzen ingurumen jasangarritasunera; EBren lehiakortasuna bultzatzea ere badakar, hori ere garrantzitsua delako. Etorkizunari begira, eta bigarren mailako materialetarako merkatu eskaria eta hondakinetarako merkatu bakarra sortzen laguntzeko, Ekonomia Zirkularraren Lege berri bat planifikatzen ari da Europako Batzordea. 2026rako aurreikusi da.