Batzordeak Europako Gizarte Funtsa Plus (EGF+) eta Langile Lekualdatuak Globalizaziora Egokitzeko Europako Funtsa (GEEF) aldatzea proposatu du, haien irismena handitzeko eta langileei laguntza errazago emateko.
Proposatutako aldaketei esker, estatu kideek malgutasun handiagoa izanen lukete EGF+en finantzaketa sektore estrategikoetan (hala nola defentsan eta industria garbietan) gaitasunak garatzeko erabiltzeko.
GEEFak ere lehenago esku har lezake —lanpostuak galdu aurretik—, eta laguntza azkarrago eman prozedura sinplifikatzearen bidez.
GEEFak laguntza ematen die ustekabeko berregituraketa garrantzitsuen ondorioz lanpostua galdu duten langile kaleratuei eta autonomoei. Gaur egun, GEEFak berregituraketa garrantzitsuen ondorioz kaleratutako langileei bakarrik laguntzen ahal die.
Erreformak laguntza lanpostua berehala galtzeko arriskuan dauden langileei hedatuko lieke, eta horrek lehenago esku hartzea ahalbidetuko luke. Laguntza kaleratze kolektiboak eta lanpostu galerak gertatu aurretik emanez gero, disrupzio handiak saihestuko dira eta lan-trantsizio arinagoa bermatuko da. Aldaketek mesede eginen diete trantsizioan dauden edo egiturazko aldaketa esanguratsuak jasaten ari diren sektoreetan lan egiten dutenei, bereziki industrian lan egiten dutenei.
Proposatutako zuzenketak aukera emanen die lanpostua berehala galtzeko arriskuan dauden langileei laguntza pertsonalizatua hasieratik jasotzeko. Horrek lanpostu berrietara aldatzeko beharrezkoak diren gaitasunak eskuratzen eta karrera profesionala berrabiarazten lagunduko die. GEEFaren laguntza eskuratzeko, berregituratze prozesuan dauden enpresek dagokion estatu kideari eskatu beharko diote. Enpresek emandako laguntzaren zati bat langileei ordaindu beharko diete.
Batzordeak, halaber, GEEFaren laguntza mobilizatzeko prozedurak arintzea eta bizkortzea proposatu du, gehien behar den lekuetan berehala eskuragarri dagoela bermatzeko.