Europako Batzordeak 135 proiektu berri onartu ditu laguntza teknikoko tresnaren esparruan. Horren helburua da estatu kideei laguntzea 2025ean 390 erreforma prestatu, diseinatu eta aplikatzen. Proiektu horiek estatu kideei EBren erresilientzia eta lehiakortasuna indartuko duten eta herritarren bizitza hobetuko duten funtsezko erreformak egiten laguntzeko diseinatuta daude. Zati esanguratsu bat (bi heren) EBren hamabost ekimen enblematikoekin bat dator. Ekimen horiek erreforma-premia komunetan oinarritzen dira, hala nola administrazio publikoa hobetzea, enpresa txiki eta ertainentzako (ETE) enpresa ingurune hobea sustatzea eta energia sistemak trantsizio ekologiko eta digitalerako prestatzea.
Ahalegin nabarmenetako batzuk aipatzearren, laguntza teknikoko tresnak 109 erreforma lagunduko ditu enpresa ingurunea eta berrikuntza hobetzeko, zero emisio garbiko ekonomia eraikitzeko eta Europar Batasun osoan segurtasun ekonomikoa sustatzeko. Zehazki, 38 erreformek 22 estatu kideri lagunduko diete enpresa txiki eta ertainentzako administrazio kargak murrizten, enpresa sortuberriak bultzatzen eta produktibitatea, erresilientzia eta lehiakortasuna sustatzen. Eraldaketa digitalaren esparruan, laguntza teknikoko tresnak 130 erreforma baino gehiago lagunduko ditu, bereziki AA eta teknologia berritzaileak azpimarratuz. Proiektu nabarmen batek, «Etorkizunerako hezkuntza» izenekoak, Alemania, Suedia eta Irlandako eskolei orientabideak emanen dizkie AA modu arduratsuan integratzeko, eta, aldi berean, ikasleei AAren arloan alfabetatzeko aukera emanen die.
Estatu kideen arteko lankidetza ere funtsezko helburua da; hala, berdinen arteko ikaskuntzaren eta jardunbide hobeen trukearen bidez partekatutako erronkei heltzen dieten 40 proiektu plurinazional lagunduko dira. Adibidez, hamalau estatu kide elkarlanean ari dira EBko zerga- eta aduana-prozedurak modernizatzeko, prozesuak errazteko eta ETEentzako kargak murrizteko.
Guztira, 119 erreformek EB osoko administrazio publikoak indartuko dituzte, etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko, eta, aldi berean, eraldaketa digitala sustatzeko, gaitasun-gabeziak betetzeko eta trantsizio ekologikoa laguntzeko. Proiektu horien bidez, laguntza teknikoko tresnak funtsezko tresna izaten jarraitzen du EBren helburu estrategikoetan aurrera egiteko eta herrialdeen arteko lankidetza hobetzeko erreforma-ahaleginei dagokienez.
Xehetasun gehiago nahi izanez gero, kontsultatu online prentsa oharra eta galde-erantzunen orria.