Europako Batzordeak Marie Skłodowska-Curie ekintzen («MSCA», ingelesezko siglengatik) doktorego sareetarako 2024ko deialdiaren emaitzak aditzera eman ditu. Guztira 608,6 milioi eurorekin, 149 doktorego programa finantzatuko dira Europa osoan, eta horrek prestakuntzako eta lanbide garapeneko aukerak eskainiko dizkie 1.800 doktoregairi baino gehiagori.
Hautatutako programek diziplina zientifiko guztiak hartzen dituzte, eta ikertzaileei gaitasun akademikoak eta transferigarriak garatzen lagunduko diete. Horien artean, zortzi doktoretza industrialek prestakuntza eskainiko dute sektore publikoko enpresa eta erakundeekin lankidetzan; zortzi doktoretza bateratuk, berriz, prestakuntza integratua emanen dute, eta horrek titulazio bateratuak edo anitzak lortzeko aukera emanen du.
Ekaterina Zaharievak, Enpresa Emergenteen, Ikerketaren eta Berrikuntzaren komisarioak, zera adierazi du: «Beti izan dugu argi: Europan talentuak behar ditugu. Gure ikerketa eta berrikuntza ekosistemaren oinarria dira. Europa ikertzaileentzat erakargarri bihurtzeko konpromisoa dugu, horretarako lan- eta enplegu-baldintzak eta lanbide aukerak hobetuz».
Marie Skłodowska-Curie ekintzen doktorego sareak Horizon Europe programaren parte dira. Hautagaitzak aurkezteko hurrengo deialdia 2025eko maiatzaren 28an egitea aurreikusita dago. Informazio gehiago nahi izanez gero, horretarako prestatutako webgunea kontsulta daiteke. Europa ikertzaile bikainentzako helmuga erakargarri gisa sustatzen jarraitzeko eta EBren lehiakortasuna bultzatzeko, aurten Europako Batzordeak MSCAren ekintza berri bat probatuko du, «Aukeratu Europa» izenekoa, 22,5 milioi euroko aurrekontuarekin. Ikerketa-karreren hasieran dagoen prekarietatea aztertzean oinarrituko da batez ere.