Europako Batzordeak proposatu du turismo berrientzat eta merkataritza ibilgailu arin berrientzat CO2 isurien arloko jokabide arauak ezartzen dituen Erregelamendua berariaz aldatzea. Zuzenketak malgutasun neurri bat ezartzen du CO2 helburuentzat, 2025etik 2027ra bitarte.
Proposamen hori Europako Batzordearen Automobilgintzaren Europako Sektorerako Ekintza Industrialaren Planaren parte da, zeina 2025eko martxoaren 5ean onartu baitzen, eta Europako Automobilgintzaren Industriaren Etorkizunari buruzko Elkarrizketa Estrategikoan oinarritzen da. Elkarrizketa hori von der Leyen presidenteak jarri zuen martxan 2025eko urtarrilaren 30ean, eta kontsulta publiko ireki bat eta industria buruekin, gizarte solaskideekin eta alderdi interesdunekin eztabaida eta harreman ugari ekarri zituen, sektoreak aurre egin beharreko erronka larrienei buruz hitz egiteko.
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek honako hau adierazi du: «Gure automobilgintza industria berritzailea deskarbonizatzen ari da klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko, baina baita munduko merkatuetan duen lehia abantailari eusteko ere. Gaurko ekimenari esker, malgutasun handiagoa emanen diogu funtsezko sektore horri, eta, aldi berean, gure klima-helburuen norabideari eutsiko diogu. Elkarrekin erakutsi nahi dugu deskarbonizazioa eta lehiakortasuna eskutik joan daitezkeela».
Proposatutako malgutasun neurriak aukera ematen du fabrikatzaileek 2025, 2026 eta 2027rako CO2 helburuak betetzen dituzten ebaluatzeko, hiru urteko aldi osoan eta emaitzen batez bestekoa eginez, urtero ebaluatu beharrean. Ikuspegi horrek fabrikatzaileei aukera ematen die urteko gehiegizko emisio posibleak konpentsatzeko, gainerako urteetan helburuak gainditzen badituzte.
Malgutasun gehigarri hori lagungarria izanen da industriak trantsizio garbian inbertitzeko duen gaitasuna babesteko, aldi berean 2025erako helburua errespetatuz eta industria ongi bideratuta mantenduz emisioak murrizteko hurrengo txandarako. EB mailako helburuen xedea da EBko garraio sistema jasangarriagoa izatea eta errepideko garraioa 2050erako emisiorik gabekoa izateko bide egonkor batean kokatzea.
Batzordeak legebiltzarkideei aldaketa horri buruz akordio bat lehenbailehen lortzeko eskatu die, automobilgintza industriarako eta inbertitzaileentzako aurreikusgarritasuna eta ziurtasuna bermatzeko.