Nafarroako Jasangarritasunerako Espezializazio Adimendunaren Estrategiak (S4) “oso emaitza positiboak ditu ebaluatutako irizpide guztietan”, exekuzio aldiaren (2021-2027) erdia gainditzear dagoela, Horixe da “2021-2027 aldirako Nafarroako S4 Estrategiaren Bitarteko Ebaluazioa” deritzon txostenaren ondorio nagusia. Ayming kontsulta-enpresak egin du, Sodena sozietate publikoak koordinatu du eta asteazkenean aurkeztu da Iruñean, ARIES4 Europako proiektuaren (Espezializazio Jasangarriko Estrategia Adimendunetan oinarritutako Berrikuntzako Eskualde Ekosistemen Aliantza) bukaera ekitaldian.

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilari Mikel Irujo eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Luis García izan dira ekitaldian.

“Jasangarritasuna eta industria sektorearen etorkizuna Nafarroan” izeneko hitzaldiaren barruan Irujo kontseilariak adierazi duenez “hamar urte geroago, Nafarroako Espezializazio Adimendunaren Estrategiak jarraitzen du erreferentzia izaten Europan. Aldaketara egokitzen den eta sektore berriak identifikatzeko gai den eskualdeko estrategia baten alde egiten dugu, dimentsio globala duena. Ez da dokumentu bat soilik, baizik eta gure politiketan zuzeneko eragina duen zerbait. Nafarroako industriak, esparru ekonomiko-ekoizlearen inplikazioaz gain, ezagutzaren, Gobernu osoaren eta nafar gizarte bateratuaren inplikazioa ere behar du. Hori dela-eta, bada garaia industria malguaren lege berri bat egiteko, Europara begira, iraunen duena eta Gobernu osoa hartuko duena barnean”.

Hortik aurrera, aipatutako azterlanak, 2021etik 2024ra bitarte igarotako aldia ebaluatzen duenak, Europako Batzordeak egitura funtsak eskuratzeko baldintza gaitzaile gisa definitutako irizpideak betetzen direla begiratu du. Horrela, “estrategia eskualdeko ahaleginen katalizatzailetzat hartzen da, tokiko indarguneekin bat datozen helburu argiak lortzeko, hala nola berrikuntza eta balio-kateen sustapena industrian”, Sodenako Eskualde Estrategiaren zuzendari Juan Cristóbal Garcíak adierazi duenez; dokumentua aurkeztu du Aymingeko Susana Elenarekin batera.

Ez hori bakarrik, S4ak “Europako joerak egokitzeko konpromiso argia islatzen du, batez ere funtsezko arloetan, hala nola trantsizio energetikoan eta digitalizazioan” eta “trantsizio ekologiko eta digitalarekin lotutako zeharkako ardatzen garrantziari buruzko adostasun orokorra dago, ongi definitutzat jotzen baitira eta funtsezkoak baitira Nafarroaren etorkizunerako”. Ildo horri berari jarraikiz, esan da jasangarritasuna estrategiaren indargune nagusietako bat dela, “batez ere energia berdea, mugikortasun elektrikoa eta bioekonomia zirkularraren pareko sektoreetan”.

Informazio gehiago