Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek eta Kontseilu Europarraren presidente António Costak batzarra izan zuten Asia Erdialdeko errepubliketako bost presidenteekin EBren eta Asia Erdialdearen arteko lehen goi-bilerarako.
Goi-bilera hori Samarkanda hiri historikoan izan zen, Uzbekistanen, eta eskualde bien arteko elkarte estrategiko bat ezartzea erabaki zuten agintariek, harremanetan fase berri bat markatzeko.
Goi-bilerako osoko bilkuran hitz egin zuenean, von der Leyenek aliantza berria deskribatu eta hauxe adierazi zuen: “Gero eta gehiago ari gara gerturatzen. Aliantza honek indartu eginen ditu gure eskualdeen arteko loturak. Lankidetza aukera berriak sortuko ditu, nola energiaren sektorean hala segurtasunean, bai arlo digitalean bai turismoan. Eta gure eskualde guztietako pertsonak elkartuko ditu. Kide fidagarriak izatea ez da inoiz izan orain bezain garrantzitsua”.
Asia Erdialdeko herrialdeekin sortutako lankidetzaren garai berria zenbait gairen inguruan egituratuko da, hala nola garraioa, lehengai kritikoak, energia, klima eta konektibitatea.
Kaspio itsasoaz bestaldeko garraio igarobideak eskualde biak lotu nahi ditu, eta EBk 2024an esan zuen 10.000 milioi euro jarriko zituela; bada, bultzada berri bat emanen zaio. Ursula von der Leyen presidenteak iragarri zuen aurten inbertitzaileen foro bat eginen dela Uzbekistanen igarobidean inbertsio pribatua egin dadila sustatzeko.
Halaber, agintariek lehengai kritikoen inguruko asmoen adierazpen bateratu bat babestu zuten, inbertsio pribatua erakarriko duena eta eskualdean balio agregatu handia sortuko duena.
Lankidetza handiagoa aurreikusten da ere bai presak eta energia garbia garatzeko eskualde osoan, bai eta abiadura handiko interneterako sarbidearen inguruan ere, eskola eta herrixketan baita ere.
Gauzak horrela, presidenteak Gateway Inbertsio Globaleko Pakete iragarri zuen, 12.000 miloi eurokoa, aurrerapena azeleratuko duena esparru guztietan Europa Taldearen ikuspegiaren barruan, EBko erakundeak, estatu kideak eta finantza entitateak biltzeko.