Nafarroako Gobernuak Europako funtsen 209 milioi euro lortu ditu, finantzatutako proiektuen ia % 100 egikaritzea lortu baitu.  Horien artean, nabarmentzekoak dira honako alor hauetako inbertsioak: enplegua eta enpresak, osasuna, ikastetxeak, kirola eta ondare kulturala eta naturala.

Zehatz-mehatz, behin 2024ko abenduan gastuak Europako Batzordeari justifikatzeko aldia bukatu ondoren, Nafarroak Europako Gizarte Funtsaren (EGF) proiektuen % 100 egikaritzea lortu du, eta % 98 baino zertxobait gehiago Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren kasuan (EGEF). Kopuru horrek barnean hartzen ditu REACT funtsak, Europar Batasunak finantzatuak COVID-19aren pandemiak eragindako egoeraren erantzunaren parte gisa, ekonomia berpizte aldera eta zerbitzu publikoak sendotzeko. Funts horiek 145 milioi euroko finantzaketa gehigarria ekarri zuten hainbat proiektutan inbertitzeko.

EGEF Programaren esparruan 650 enpresa baino gehiago izan dira finantzaketa horren onuradun. EGF Programarekin 5.200 pertsona baino gehiagori lagundu zaie autonomo gisa ezartzen, 8.600 pertsonak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NL-NEZ) emandako prestakuntza jaso dute eta 45 toki entitatek finantzaketa jaso dute enplegu sozial babestuko programetarako 2019. urtetik 2023. urtera bitarte.

EGEF eta EGF funtsen bidez batera finantzatutako jarduketa guztien xehetasunak esteka honen bidez Kontsultatzen ahal dira.

Informazio gehiago