Gazteen elkarteak bilera izanen du asteburuan Iruñean, kulturarteko elkarrizketa eta eztabaida sustatzeko Europar Batasuneko gai nagusien inguruan.
Nafarroako lehendakari María Chivite Navascuések harrera egin die Nafarroako Jauregian berrogeita hamar bat ikasleri, zeinek asteburuan Iruñean gogoeta eginen duten Europa leku hobea nola bihurtu jakiteko, Europako Gazte Parlamentua erakundean parte hartuz
Nafarroako Gobernuaren egoitzan izan den ordezkaritza berrogeita hamar gazte inguruk osatu dute. Erdia DBHko eta batxilergoko ikasleak izan dira, Santa Teresa, La Compasión Escolapios, Vedruna eta Iruñeko Salestarrak ikastetxeetakoak eta Padre Moret Irubide eta Pedro de Atarrabia institutu publikoetakoak, Iruñerrikoak. Gainerakoak Batasuneko beste herrialde batzuetakoak izan dira eta Europako ikasketetan dabiltza Batasuneko herrialdeetako zenbait unibertsitatetan. Asteburuan zehar, Europako Gazteen Parlamentuak Europako osoko 70 gazte elkartuko ditu.
María Chivitek Europar Batasun sendoa eraikitzearen inguruko jakin-mina duten gazteekin topaketa informala egiteko tartea izan du. Hizketaldi informal horretan, Chivitek gogoeta egin du gazteekin, belaunaldi berriak politikak dakarren guztion onaren zerbitzurako prestatzen ari den proiektu horren egokitasunaren inguruan. Chivitek berak jarduera politikoan hasi zeneko aldia ekarri du gogora, gizarteari jasotako jakinduria, ezagutza eta ongizatea itzultzeko modu gisa ulertuta.
Harreraren aurretik, Europako Gazteen Parlamentuaren ordezkari gazteek Nafarroako Jauregiko gela nagusiak bisitatu dituzte, antzinako Nafarroako Erreinuaren eta egungoaren arteko lotura baitira.
Hezkuntzako eta kulturako proiektua da Europako Gazteen Parlamentua, baita jarduera politikoan hasteko esperientzia ere, eta gazteek eraiki nahi duten Europaz eta kontinente zaharraren gaurkotasunaz zer pentsatzen duten entzuteko mekanismoa ere bai.