Marisol de la Nava Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako zuzendari nagusia Estrasburgora joan da, EU-Belong programaren amaierako konferentzian parte hartzeko. Europako hiru urteko programa horren helburua da migratzaileen gizarteratze sozioekonomikoa eta kidetasun sentimendua hobetzea, integrazio estrategiak garatuz eta aplikatuz. Programa hori Nafarroan ere garatu da, Tawasol Artean proiektu pilotuaren bidez.

Europako Eskualdeen Batzordeak (EEB) zuzentzen du EU-Belong programa, 13 bazkiderekin lankidetzan, eta Europar Batasuneko Asilo, Migrazio eta Integraziorako Funtsak eta nazioarteko hainbat erakunde garrantzitsuk (hala nola Europako Kontseilua eta Migrazioen Nazioarteko Erakundea) kofinantzatzen dute. Programa horrek bazkide du Nafarroa, eta haren helburua da erakustea alderdi interesdun askoren ikuspegiek, neurrirako gaitasunak sortzeak, kodiseinuak eta nazioz haraindiko elkarrekiko ikaskuntzak eskualdeko ahaleginak sustatzen dituztela eta berrikuntza sortzen dutela.

Hala, 2022an, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak hiru ikaskuntza laborategi antolatu zituen alderdi interesdun askorendako, funtsezko eragileek integrazio estrategia eraginkorrak planifikatzeko eta aplikatzeko dituzten gaitasunak indartzeko asmoz. Lan horretatik abiatuta, eta erakutsitako interesa ikusita, diagnostikorako parte hartzeko prozesu bat abiarazi zen 2023an, eta horren emaitza Nafarroako gazte migratzaileen integrazio inklusiborako ibilbide orria izeneko dokumentua izan zen. EU-Belong programaren inguruan adostutako garapen prozesuari jarraituz, 2024aren hasieran Tawasol Artean proiektua sortu zen Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren eskutik, eta Lantxotegi Elkarteak garatu zuen, Paris 365ekin, mugimendu feministarekin eta beste erakunde sozial batzuekin batera.

Proiektu pilotu horren helburua da berdinkideen arteko aldaketa-eragileak sortzea, jatorri desberdinetako emakumeen eta gizonen artean elkar ulertzeko espazioak sor ditzaten. Ekimen hori Iruñeko Alde Zaharreko eragile komunitario batzuen eskari esplizituaren ondorioz sortu zen. Eragile horiek, auzo erantzukizunetik eta lan komunitarioaren ikuspegitik, gazteriarendako garrantzitsuak diren gaiak  kulturarteko ikuspegi batetik landu beharra adierazi zuten, gai horien artean daudela berdintasunean oinarritutako hezkuntza eta askatasunean oinarritutako harreman sexoafektiboak, adibidez.

Informazio gehiago