Kanpo Ekintzarako taldearekin batera, Europako laguntza horien aurkezpena egin du Tuteran, eta, ondoren, beste aurkezpen batzuk antolatuko dira Bertizen, Erriberrin, Lizarran eta Irurtzunen, proposamena lurralde osora hurbiltzeko

Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Kanpo Ekintzarako taldeak POCTEFA proiektu txikiek dakarten finantzaketa aukera baliatzearen garrantzia helarazi diete Erriberako hainbat eragile sozioekonomiko eta erakunderi, bereziki ETEei, Tuteran. “Nafarroa osoa mugaz haraindikoa da finantzaketen deialdiei dagokienez, eta Gobernu honek, Kanpo Ekintzarako Planaren barruan, oso argi dauka mugek lankidetzarako aukera eta iturri izan behar dutela, eta ez gu bereizten gaituen oztopo” adierazi du Ollok. Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak –toki garapeneko agentziekin eta enpresaburuen elkarteekin lankidetzan– bira bat hasi zuen joan den astean Ezkarozen, Nafarroako hainbat eremu bisitatuko dituena Foru Komunitateko ehun sozioekonomikoko eragileei parte hartzeko dituzten aukeren berri emateko. Martxoaren 14an, ostirala, Pirinioetan egindako lehen topaketa horren ondoren, Tuteraraino joan dira, eta hogei bat pertsona bertaratu dira ekitaldira: ETEetako ordezkariak, tokiko elkarteak eta eragile sozioekonomikoak. Hona hemen biraren hurrengo geralekuak: Bertiz (martxoaren 26a), Erriberri (martxoaren 28a), Lizarra (apirilaren 3a) eta Irurtzun (apirilaren 9a).

Proiektuak deialdian aurkezteko epea zabalik dago, eta maiatzaren 30ean amaituko da. Deialdi honetara aurkezteko, beharrezkoa da proiektuek Pirinioez bestaldeko bazkide bat, gutxienez, izatea.  Europar Batasunak proiektu bakoitzaren aurrekontu osoaren % 65 finantzatuko du, Pirinioetako Lan Elkarteak (PLE) kudeatutako EGEF funtsen bidez; guztira, 4 milioi euro daude erabilgarri, modalitate horretarako Interreg POCTEFA programaren barnean. Proiektuen aurrekontuak 15.000 eurotik 200.000 eurora bitartekoa izan behar du.

Ollo lehendakariordeak lurraldean zeharreko ekitaldi horietan parte hartzen du Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiko taldearekin batera, zeinak Sergio Pérez zuzendaria buru duen, eta ekimen horri testuingurua eman dio, hau esanda: “Gobernu honek mugaz haraindiko lankidetzaren alde egiten du, lankidetza hori POCTEFA proiektu handiek duten eremuan baino eremu “mikroago” batean ere gauzatzen ahal delako”.  Alde horretatik, deialdiak errazten du finantzaketa eskala txikiagoan eskuratzea, eta errazago kudeatzen ahal da hori, ikuspegi tekniko eta administratibotik. Halaber, proiektu horiek balio dute Europako mugaz haraindiko lankidetzaren munduan sartzeko ere. «POCTEFA proiektu txikiak, batzuetan, badira POCTEFA deialdi tradizional bikoitzean edo Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdearen eremuan kudeatutako beste deialdi ertain batzuetan parte hartzen ahal duten proiektu handien harrobia», gaineratu du lehendakariordeak, eta, aldi berean, Europak gizarte kohesioaren alde egindako lanaren garrantzia defendatu du, eskualdeek berek ezagutzen baitute ongien beren lurraldea.

Gogoratu behar da Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak ere mugaz haraindiko lankidetzarako laguntzen urteko deialdi propioa duela, eremu hori Kanpo Ekintzarako Planaren lehentasunezko ardatzetako bat baita. Orain, laguntza horien bigarren edizio bat eginen da datozen lau urteetarako, Sergio Pérez Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak zehaztu duenez.

Informazio gehiago