Bisita hori Foru Komunitatea buru duen “European Circular Innovation Valley” proiektuaren barruan dago

Nafarroako Gobernua, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren bitartez, “European Circular Innovation Valley (ECIV)” proiektuaren buru da. Proiektu horren helburua da ekonomia zirkularrerako eskualdearteko ekosistema bat sortzea, Europako eskualdeak lotuta.

Martxoaren 24tik 26ra, proiektuaren aurrez aurreko lan bilerak egin dira Dalarnan (Suedia). Ekitaldi horretan, proiektuko 19 bazkideetako ordezkariak bildu dira, haien lankidetza sendotzeko eta ekonomia zirkularrerako eskualdearteko erronken definizioan aurrera egiteko, erronka horiek bizkortu eginen baitute Europak ekonomia zirkularrerantz egin beharreko trantsizioa. Foru Komunitatearen aldetik, Nafarroako Gobernuko eta Sodena enpresa publikoko teknikariek parte hartu dute.

Bisitaldiaren ardatza izan da eskualde bakoitzerako estrategia espezifiko bihurtzea jasangarritasun helburuak. Estrategia horiek industria praktikak eta politiken garapena zehaztuko dituzte ECIV proiektuan parte hartzen duten eskualdeetan. Erronkak diseinatzeko tailerrean, parte hartzaileek ECIVren 2029rako lan proposamena hobetu ahal izan dute, bost azpimisio edo funtsezko erronka lehenetsiz, eztabaida egituratuen eta eskualde bozketen bidez.

Erronka horiek gidatuko dute eskualdeko ekintza planen garapena, eta bermatuko dute ECIVren ahaleginek aurrerapen kuantifikagarriak sortzen dituztela hainbat arlotan, hala nola industria sinbiosian, bioekonomian, azpiproduktuen balorizazioan eta materialen fluxu zirkularretan. ELGAko Sektore Publikoko Berrikuntzaren Behatokiko eta Altzairu Jasangarriaren Eskualdeko adituen ekarpenek informazioa eman zuten erronkek bultzatutako ekimenak garatzeko jardunbide onenei buruz.

Berrikuntza ikuspegi tradizionala ez bezala, erronketara bideratutako berrikuntza helburu espezifikoak definitzean eta, horiek lortzeko, sektoreen arteko lankidetza mobilizatzean oinarritzen da. Bilera horrek urrats erabakigarria ezarri du ECIVren eskualdearteko lankidetzaren erronka zirkularrak egituratzeko, EBren finantzaketaren esparruan jasangarritasunari eta ekonomia zirkularrari buruzko eskualdeko eta Europako politikekin lerrokatzeko, eta, horrela, epe labur eta ertainean inpaktua bermatzeko.

Ibilbide orri argi bat izanda, ECIVko bazkideek erronka horiek eskualdeko ekintza planetan txertatuko dituzte, eta oinarriak finkatuko dituzte Europa mailan ekonomia zirkularra ezartzea bultzatuko duten benetako inbertsioak gauzatzeko eta politikak aldatzeko.

Informazio gehiago