EBko estatuburuak eta gobernuburuak Kontseilu Europarraren goi bilera batean bildu ziren, Europaren lehiakortasuna eta defentsaren etorkizuna aztertzeko.

Ursula von der Leyen presidenteak bi gai horiei buruz Europako Batzordeak 2025eko lehen hiru hilabeteetan aurkeztu dituen proposamen zabalak aurkeztu zizkien liderrei.

Lehiakortasunaren arloan, Kontseilu Europarrak pozik hartu zituen Batzordearen ekimen berriak, besteak beste, Industria Garbirako Ituna, sinplifikazioari buruzko bi omnibus paketeak, automobilgintzarako eta altzairu eta metal industriarako ekintza planak, eta Aurrezki eta Inbertsioen Batasuna.

Aurrezki eta Inbertsioen Batasunak aukera emanen die herritarrei beren diruarekin etekin hobeak lortzeko, eta, aldi berean, enpresei kapital berria eskuratzeko aukera emanen die, hazteko.

Goi bileraren beste gai nagusia defentsa izan zen. Presidenteak azpimarratu zuen lehiakortasuna eta defentsa txanpon beraren bi aldeak direla, eta nabarmendu zuen zenbait ekimenek –adibidez, Aurrezki eta Inbertsioen Batasuna– ere mesede eginen diotela Europaren defentsari, inbertsioa EBren defentsa industriarantz bideratuko baitute.

Von der Leyen presidenteak duela gutxi onetsitako “Prestaketa 2030” plana aurkeztu zien liderrei. Plan horrek barne hartzen du “Iheserako klausula nazionala” aktibatzea, defentsarako inbertsio nazionala desblokeatzeko, gehiegizko defizitaren prozedura baten arriskurik izan gabe.

SAFE (Europarako Segurtasun Ekintza) ere barne hartzen du, Europako defentsa industriaren kontratazio publiko bateratua babesteko programa, hain zuzen. Programa horrek 150.000 milioi eurora arteko maileguak ematen ahalko dizkie estatu kideei, EBko aurrekontuak babestuta. «Elkarrekin gehiago gastatu nahi dugu, hobeki gastatu nahi dugu eta Europan gehiago gastatu nahi dugu», laburbildu zuen presidenteak.

Kontseilu Europarrak pozik hartu zituen Batzordearen defentsa arloko ekimenak, eta Europako Parlamentua eta Kontseilua bultzatu zituen lanetan aurrera egin zezaten azkar.

Informazio gehiago