Europako Batzordeak indartu egin du altzairua babesteko neurria, EBko industria siderurgikoa inportazioen gehikuntzatik babesteko asmoz. Horrela, bete egin du EBren Altzairuaren eta Metalen gaineko Ekintza Plana. Batzordeak liberalizazio tasa murriztu du % 1etik % 0,1era, EBra muga zergarik gabe inportatzen ahal den altzairuaren kantitatea mugatzeko. Gainera, herrialdeek ezin izanen dituzte erabili beste herrialde batzuetan erabili ez diren kontingente guztiak, Errusiakoak eta Bielorrusiakoak barne. «Transferentzia» mekanismoak herrialdeei aukera ematen zien erabili gabeko kontingenteak hurrengo hiruhilekora transferitzeko. Baina mekanismo hori ezabatu egin da inportazio presio handia eta kontsumo txikia dituzten kategorietan. Murrizketa neurriak jarduteko tartea emanen die EBko altzairu ekoizleei, ekoizpena handitu dezaten eta, horrela, galdutako merkatu kuota berreskuratu dezaten. Halaber, altzairuaren ekoizpen berdeko enplegua eta inbertsioa handitu nahi ditu.

Aldaketa horiek une zehatz batean gertatzen dira: EBko industria siderurgikoak presio handia jasaten du munduko gehiegizko ahalmenagatik, Txinatik datozen esportazioen hazkundeagatik eta funtsezko merkatuetan (Estatu Batuetan, esaterako) merkataritza oztopoak gehitzeagatik. Batzordearen erabakia EBko hamahiru estatu kidek eskatutako berrazterketa ikerketa batetik dator. Ikerketa horretan egiaztatu zenez, industriaren egoera okertzen ari zen, inportazioen gaineko presioak handitu zirelako eta eskaria murriztu zelako.

Doikuntza gehienak 2025eko apirilaren 1ean jarri dira indarrean, baina horietako bi 2025eko uztailaren 1ean jarriko dira indarrean (liberalizazioa moteltzea eta erabili gabeko bolumenen transferentzia ezabatzea kategoria jakin batzuetan). Babesaren aldaketak ez du eraginik haren iraupenean: 2026ko ekainaren 30ean amaituko da legez.

Batzordeak altzairua babesteko neurria sartu zuen lehen aldiz 2019an, merkataritza desbideratzearen eta inportazioen igoeraren ondoriozko kalte ekonomikoak saihesteko EBko altzairu ekoizleei. Harrezkero, berrikuspen ugari egin dira, neurria merkatuaren bilakaerara egokitzeko funtzionamenduari buruzko berrazterketak barne (egungo egokitzapenaren aurreko berrikuspena, adibidez), bai eta luzapenagatiko berrazterketak ere. Luzapenagatiko azken berrazterketak 2026ko ekainaren amaierara arte luzatu zuen neurriaren aplikazioa.

Informazio gehiago