Batzordeak estrategia berri bat onetsi du, aurrezkia inbertsio produktiboetara bideratzeko. Haren helburua da EBko herritarrek kapital merkatuetan duten parte-hartzea handitzea, inbertsio aukera zabalagoak eskainiz eta finantza alfabetatzea hobetuz. Horrela, herritarren aberastasun handiagoa sustatuko da eta EBren ekonomia bultzatuko da.

EBko familien aurrezkien % 70 inguru (10 bilioi euro) banku gordailuetan sartuta daude. Gordailu horiek seguruak dira eta erraz eskuratzen dira, baina kapital merkatuetako inbertsioek baino errendimendu txikiagoa eskaintzen dute. Estrategia berriak EBko herritarrei laguntzen ahal die beren familien ondarea eraikitzen eta etorkizunari begira hobeki aurrezten. Aurrezki eta Inbertsioen Batasunari esker, inbertitu nahi duten herritarrek aukera hobeak izanen dituzte kapital merkatuetan inbertitzeko. Horrek esan nahi du aukera erraza, sinplea eta kostu txikikoa dagoela inbertsio aukera ugari eskura izateko.

Kapital merkatuetan inbertsio gehiago egiteak ekonomia babesten du, EBko enpresak hazi eta aurrera egitea ahalbidetzen baitu. Hori lagungarria izaten ahal da, langileendako soldata handiagoak dituzten lanpostu hobeak sortzeko eta ekonomiaren sektore guztietan inbertsioa eta hazkundea bultzatzeko.

Estrategiaren helburua da, halaber, EBko banku sektorearen integrazioa eta lehiakortasuna hobetzea, bankuen batasunean ere sakontzen baitu.

EBko erakundeek, EBko herrialdeek eta funtsezko alderdi interesdun guztiek lankidetzan jardun beharko dute aurrezki eta inbertsioen batasuna lortzeko. Estrategiak aurrera egiten jarraituko du, eta neurriak hartuko dira eremu espezifikoetan, EBko ekonomian lehiakortasuna sustatzeko; eta, lehenik eta behin, 2025ean inpaktu handiena izanen duten ekintzetan jarriko da arreta.

EBk bere ahalmena aprobetxatu behar du, lehiakortasunarekin, segurtasunarekin eta trantsizio digital eta ekologikoekin lotutako helburuak lortzeko. Banku sistema integratu bat eta kapital merkatuen sistema bat garatuz, Aurrezki eta Inbertsioen Batasunak aurrezkiaren eta inbertsio beharren arteko arrakala betetzen ahal du.

Informazio gehiago