Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikastaro laburren edo mikrokredentzialen eskaintza aurkeztu dute, 2023-2026 aldiko Microcreds Planaren barnean dagoena. Plan horrek Europar Batasuneko Next Generation funtsen eta Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren finantzaketa du.
Hasieran, 35 ikastaro eskainiko dira, gaikako bederatzi arlotan taldekatuta, eta, eskaintza diseinatzeko, premiak aztertu dira aurretik. Azterketa hori lau lan mahaitan egin da: Nafarroako Gobernua; kluster eta elkargo profesionalak; gizarte eragileak, entitate publikoak eta prestakuntzarekin zerikusia duten beste erakunde batzuk; eta, amaitzeko, kolektibo kalteberekin lan egiten duten entitateak.
Mikrokredentzial horien helburua da pertsonei aukera ematea ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak eskuratu, eguneratu eta hobetzeko, beharrezkoak direnak lan merkatu eta gizarte aldakorretan aurrera egiteko. Era berean, mikrokredentzialekin inklusioa, sarbidea eta aukera berdintasuna sustatu nahi dira, aldaketa demografiko eta sozialen testuinguruan.
NUPek 783 mikrokredentzial jaulki behar ditu 2026ra arte, Nafarroari 652.271 euro esleitzeari esker, Europar Batasunaren Next GenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik etorriak. Funts horiek langabetuendako edo gizarte egoera ahulean daudenendako bekak eta laguntzak ere finantzatuko dituzte, bai eta unibertsitatearen eta ekoizpen sektoreen arteko bitartekotza jarduerak ere.