AEBk muga-zerga handiagoak ezarri dizkie EBko altzairu- eta aluminio-inportazioei, justifikaziorik gabe. Horren aurrean, Batzordeak kontraneurri bizkor eta proportzionatuak jarri dizkie AEBk EBra egindako inportazioei.

Batzordeak deitoratu egin du Estatu Batuek muga-zerga horiek ezartzea erabaki izana: justifikatu gabeak dira, Atlantikoaz haraindiko merkataritza artegatzen dute eta kalteak eragiten dizkie enpresei eta kontsumitzaileei, prezioen gorakada baitakarte sarritan.

Oro har, EBko kontraneurriak AEBren 26.000 milioi eurora arteko ondasun-esportazioei aplikatu ahal izanen zaizkie, kopuru hori baitagokio AEBko muga-zergen helmen ekonomikoari.

Bitartean, EB oraindik prest dago AEBko Gobernuarekin lankidetzan aritzeko, irtenbide negoziatu bat aurkitu dezaten. Aipatutako neurriak edozein unetan leheneratu daitezke, baldin eta halako konponbiderik aurkitzen badute.

2018ko ekainean, Trumpen lehen administrazio estatubatuarrak Europako altzairu eta aluminio esportazioen gaineko muga-zergak sartu zituen. Zerga horiek 6.400 milioi euroko balioa zuten* (8.000 milioi eurokoak, 2024ko fluxuak eta balioak oinarri hartuta). 2020ko urtarrilean aplikatutako muga-zerga gehigarriek 40 milioi euro inguruko eragina izan zuten EBko esportazioetan, altzairutik eta aluminiotik eratorritako produktu jakin batzuetan. Horren aurrean, EBk oreka berreskuratzeko neurriak sartu zituen 2018ko ekainean, Estatu Batuek EBra egindako esportazioen gainean eta 2.800 milioi euroko* balioarekin (antzeko erantzun bat emanen zion EBk AEBko bigarren muga-zergen multzoari ere, 2020an). Oreka berreskuratzeko beste neurriek 3.600 milioi eurora arteko esportazioei eragiten zieten, eta 2021eko ekainaren 1ean ziren indarrean sartzekoak. Estatu Batuekin EBko esportatzaileentzako muga-zergen kuota-sistemari buruz hitz egin ondoren, EBk neurri horiek eten zituen, 2025eko martxoaren 31ra arte. Horrekin lankidetzarako abagunea eman nahi zien aldeei, epe luzeagoko irtenbide bat topatzeko.

2025eko otsailaren 10ean, AEBk iragarri zuen % 25eko muga-zergak ezarriko zizkiela altzairu, aluminio eta horietatik eratorritako produktuen inportazioei. Von der Leyen presidenteak berehala ohartarazi zuen muga-zerga horiek «kalte egiten diela enpresei eta are kaltegarriagoak direla kontsumitzaileentzat», eta, beraz Europak erantzun irmo eta proportzionatu bat emanen zuela.

Estatubatuarrek % 25erainoko muga-zergak aplikatuko dizkiete inportazio hauei: erabilera industrialeko altzairuari eta aluminioari, altzairu eta aluminiozko beste produktu erdi amaitu eta amaitu batzuei eta eratorritako produktu komertzialei (bai makineriako piezei baita trikotatzeko orratzei ere), EBk AEBra egindako 26.000 milioi eurora arteko esportazioetan.

Informazio gehiago