Europarako Teknologia Estrategikoen Plataformak («STEP», ingelesezko siglak) Europan teknologia kritikoak garatzeko eta fabrikatzeko lehen jarduketa urtea bete du. Azken urtean zehar, STEPek EBko hamaika programaren inbertsio gaitasuna bateratu du, eta 15 milioi euro baino gehiago mobilizatu ditu Europaren lehiakortasuna sustatzeko hiru sektore estrategikotan: teknologia digitalak eta abangoardiako berrikuntza teknologikoa, teknologia garbiak eta efizienteak baliabideen erabileran eta bioteknologia.

STEP ataria parerik gabeko plataforma da, eta proiektuen sustatzaileei aukera ematen die bertan eskuragarri dauden finantzaketa aukera guztiak eskuratzeko EBren programetan eta estatu kideetan. Orain arte, Europa eta estatu mailan 60 proposamen deialdi argitaratu dira, eta horietako 40tan dago zabalik aurkezteko epea. Batzordearen STEP lantaldea lankidetza estuan aritzen da EBko 27 estatu kideekin, eta aldian-aldian proiektuen sustatzaileekin, kudeaketako agintariekin eta kasuan kasuko elkarteekin, sistema hobetzeko eta inbertsioen premiak ulertzeko. STEPen arrakasta kontuan hartuta, Von der Leyen presidenteak EBko buruzagiei egindako gutunean iradoki die martxoaren 6ko ezohiko Kontseilu Europarraren aurretik Europarako Teknologia Estrategikoen Plataforma gehiago aprobetxatzen ahal dela, aplikazio eremua defentsaren sektorerako egokiak diren teknologia guztietara zabalduz.

STEPen bultzada positiboa 2025ean indartzea espero da, estatu kideen laguntzarekin, proiektu berritzaileetan eta teknologia estrategikoetako mendetasunen murrizketan arrakastaz aurrera egiteko. Estatu kideak animatu dituzte STEPek NextGenerationEU eta Suspertze eta Erresilientzia Funtsaren esparruan eskaintzen dituen aukerak aprobetxa ditzaten; izan ere, STEP etiketa duten proiektuetarako baliabideak berresleitzen ahal dituzte, eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) esparruan duten zuzkiduraren % 6ra arte transferitu proiektu horiek finantzatzeko InvestEU osagai nazionalari.

Informazio gehiago