Europako Batzordea eta Europako Inbertsio Bankuaren Taldea (EIB) sustapen-banku nazionalekin eta Europako nazioarteko finantza erakundeekin elkartzen ari dira, Europa osoan etxebizitza eskuragarri eta jasangarrietarako finantzaketa aukera berriak garatzeko.
Gaur Luxenburgon egindako EIB Taldearen Foroan, Dan Jørgensen Energia eta Etxebizitzako komisarioak eta Nadia Calviño EIB Taldeko presidenteak Europar Batasuneko herritarren eta gobernuen kezka larrienetako bat jorratzearen garrantzia azpimarratu dute. Tokiko eta nazioko eragile publiko eta pribatuak bilduko dituen Europa osoko bultzadaren alde egin dute, finantzaketa eta premiazko ekintza katalizatzeko, Batzordearen hurrengo Etxebizitza Eskuragarrien Europako Planaren esparruan.
EIB taldeak iragarri zuen laster martxan jarriko zela Europako Inbertsio Bankuaren Ekintza Plana, etxebizitzari laguntzeko. Plan horrek leihatila bakarreko atari berri bat du etxebizitzarako, aholkularitza eta finantzaketa emate aldera eraikuntzaren sektorean berrikuntza bultzatzeko, etxebizitza eskuragarriak eraikitzeko eta energia efizientzian eta Europa osoko etxebizitza parkearen berrikuntzan inbertitzeko. EIBk 10.000 milioi euro inguruko inbertsioak aurreikusten ditu datozen bi urteetarako.
Kontsulta zabala egin ondoren –Europako Parlamentuak, estatu kideek, hiriek, eskualdeek eta alderdi interesdunek parte hartu zuten–, Batzordeak Etxebizitza Eskuragarrien Europako lehenbiziko Plana argitaratuko du. Planak laguntza teknikoa emanen die hiriei eta estatu kideei, eta inbertsioa eta beharrezko eskumenak izanen ditu ardatz. Bereziki, Batzordeak etxebizitzak eraikitzeko Europako estrategia bat garatuko du, etxebizitzen eskaintza babesteko, etxebizitza eskuragarri eta jasangarrietarako Europa osoko inbertsio plataforma bat ezarriko du, espekulazioak etxebizitzaren arloan duen eragina aztertuko du, estatu kideei lagunduko die etxebizitza eskuragarrien kohesio politikan aurreikusitako inbertsioak bikoizten, arazo sistemikoei helduko die iraupen laburreko bizitokien alokairuekin, etxebizitza parkearen erabilera ez-efizienteari aurre egiteko proposamenak aurkeztuko ditu eta etxebizitza babesteko neurriak ahalbidetzeko estatu laguntzei buruzko arauak berrikusiko ditu, bereziki energia efizientziarako eta etxebizitza sozialetarako.