Europako Batzordeak eta Ingurumenaren Europako Agentziak (AEMA) zero kutsaduraren ikuspegien eta jarraipenaren bigarren txostena aurkeztu dute. Dokumentuak erakusten du EBren politikek lagundu egin dutela airearen kutsadura, pestiziden erabilera eta itsasoko hondakin plastikoak murrizten. Alabaina, kutsadura mailak oso handiak dira oraindik, batez ere zarata kaltegarriagatik, mikroplastikoen emisioagatik, mantenugaien ondoriozko kutsaduragatik eta hondakinen sorreragatik. Europako Batzordeak aire garbiaren ikuspegiei buruzko laugarren txostena argitaratu du ere bai.
Zero kutsaduraren jarraipenaren eta ikuspegien txostenaren arabera, “zero kutsadurako” sei helburuetaranzko aurrerapenak oraindik ere desparekoak diren arren, murrizten ari da itsas hondakinetatik, pestizidetatik eta antimikrobianoetatik datorren kutsadura.
Bestalde, airearen kalitatea ere hobetu egin da Europa osoan, arau aurrerapenek eta emisioen murrizketak bultzatuta, eta horrek heriotza goiztiarrak nabarmen murriztea ekarri du. Horixe islatzen da aire garbiaren ikuspegiei buruzko laugarren txostenean. Txosten horretan nabarmentzen da, halaber, airearen kalitateak arrisku larria eragiten jarraitzen duela EBko ekosistemen osasunerako eta kalitaterako. Bi dokumentuek erakusten dute neurri gehiago hartu behar direla airearen kutsadura murrizten jarraitzeko.