Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak parte hartu du joan den ostiralean, “European Circular Innovation Valley” (ECIV) proiektuaren Nafarroako lehen lan jardunaldian. Izan ere, Foru Komunitatea da ekonomia zirkularreko proiektu horren buru. Proiektua joan den irailean hasi zen Bruselan, eta Europako 13 eskualdetan banatutako 19 erakunde biltzen ditu.
27,2 milioiko aurrekontu orokorra du, eta horietatik 6,43 milioi Nafarroarendako dira. Gure komunitateak Europako ekonomia zirkularreko berrikuntza ekosistema handienaren eraikuntzan buru izateko enkargua du, kontinente osoan garapen jasangarria eta lankidetza sustatzeko.
Irujok nabarmendu duenez, aukera paregabea da: «Nafarroak ekonomia zirkularrean dituen estrategia eta lehentasunak estu lotuta daude Europako Batzordearen Clean Industry Act berriarekin, Nafarroa Zirkular ekimenaren eta ECIV proiektuaren bidez, Europar Batasunaren lehiakortasuna eta deskarbonizazioa lortzeko».
Alde horretatik, kontseilariak bere azterketa ardaztu du Europako ekonomiaren garapenaren hainbat alderditan, Clean Industry Act delakoaren lege esparruan –Europako industria lege berria den aldetik–, eta ekonomia zirkularrari buruzko Europako etorkizuneko legean. Nafarroako industriari buruzko lege berria ere aztertu du, kapitulu espezifiko bat baitu enpresetan ekonomia zirkularraren trantsizioa bultzatzeko neurriei buruz. Era berean, gaineratu du Nafarroako ekosistema “prest dagoela zirkulartasunaren konponbide errealetarantz aurrera egiteko, eta egun horretako jardunaldiak bezalakoak funtsezkoak direla ekonomia zirkularra, kontzeptu bat ez ezik, gure eskualdean ageriko errealitate bat ere izan dadin”. Amaitzeko, hau ondorioztatu du: “hemen gauden eragile guztien artean, buru izan gaitezke Nafarroa berritzaileago, lehiakorrago eta arduratsuago bateranzko bidean”.
Horiek izan dira kontseilariaren hitzak jardunaldiaren amaieran. Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak antolatu du jardunaldia, SODENAren laguntzarekin. Bertan, parte-hartzaileek, Nafarroako industriaren barnean, ekonomia zirkularraren arloan dauden erronkak eta aukerak berrikusi dituzte. Eta erronka horiek arrakastaz konpontzen lagunduko duten eskualdeen arteko lankidetza aukerei ere heldu diete.
ECIV proiektuaren buru den aldetik, Nafarroak konpromisoa hartu du hainbat sektoreri aplikatutako proiektuak eta berrikuntzak sustatzeko, Espezializazio Adimenduneko Estrategiekin lerrokatuta, energia, nekazaritzako elikadura, automobilgintza, eraikuntza edo makineria barne.