Gazteriaren Institutuak (INJUVE) antolatutako jardunaldietan, Tuterako Villa Javier erakundea aintzatetsi da Europako boluntariotza programen proiektuetan egindako jardunbide egokiengatik.
Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Txema Burgaletak Gazteriaren Institutuak (INJUVE) antolatutako topaketa batean parte hartu du aste honetan. Hau zen izenburua: “Erasmus+ eta Europako Elkartasun Kidegoaren etorkizuna: gazteen rola Europako herritartasuna eraikitzeko”. Topaketa horretan, Tuterako Villa Javier erakundea aintzatetsi da Europako boluntariotza programen proiektuetan egindako jardunbide egokiengatik.
Madrilen egindako jardunaldian, Burgaletak honako hau azpimarratu du: “Villa Javier Nafarroako Erriberako pertsona kalteberenendako harrera eta laguntza gune bat baino askoz gehiago da”. “Estatu mailako aitorpen hori Europako Elkartasun Kidegoaren (EEK) bidez Europako boluntarioekin duten konpromisoaren adierazgarria da. Kidego horrek hainbat herrialdetako gazteak ekintzetan inplikatzen ditu, Europako eta tokiko gizarte sarea indartzen du, eta etorkizun inklusiboagoa, ekitatiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzen du”, zehaztu du.
Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak gogorarazi du EEK programa Institutuaren barruan dagoela, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoela eta “gazteei aukera ematen diela, batetik, beren komunitateetako eta Europako beste herrialde batzuetako gizarte, kultura eta ingurumen proiektuetan parte hartzeko eta, bestetik, trebetasun berriak eskuratzeko, enplegagarritasuna hobetzeko eta kultura desberdinak ezagutzeko”. Horrexegatik animatu ditu Nafarroako gazteak boluntariotza mota horretan parte hartzera, “esperientziak finantza laguntza, prestakuntza eta orientazioa ere eskaintzen baititu”.
Topaketa INJUVEk antolatu du, Espainiako Gazteriaren Kontseiluarekin (EGB) eta autonomia erkidegoekin lankidetzan, eta horri esker, oraina aztertu, eta programa horien lau lehentasunetan aurrera egin ahal izan da: inklusioa eta aniztasuna, trantsizio digitala, ingurumena eta parte-hartze demokratikoa. Bertan, eztabaidaren mamia izan da ekimen horien oinarriak ezartzea hurrengo urteetarako. Ekimen horiek Europar Batasunaren tresna nagusi bihurtu dira gizarte kohesioa bermatzeko eta 2019-2027 aldirako Europako Gazteriaren Estrategian ezarritako helburuak lortzeko.