Nafarroako Gobernuaren Europako Proiektuen Bulegoak CERV-2025-Citizens Town- TT senidetze deialdiari buruzko informazioa du; deialdi horretarako 5 milioi euroko aurrekontua dago.

Europar Batasunak deialdi bat aurkeztu du Europako herrialdeetako hirien artean senidetzeak egitea eta  pertsonen artean trukeak egitea sustatzeko; horretarako, 5 milioi euroko aurrekontua du. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren Europako Proiektuen Bulegoak CERV-2025-Citizens Town-TT deialdiari buruzko informazioa ematen du. Deialdi horren helburua elkar ulertzea eta tolerantzia indartzea da, eta parte hartzaileei aukera ematea beren ikuspegia zabaltzeko eta Europako herritar izatearen sentimendua eta europar identitatea garatzeko.

Parte hartzen duten erakundeek deialdiren baldintzak bete behar dituzte, proiektuen iraupena 6 eta 12 hilabete artekoa izan daiteke, eta proiektuen aurrekontuak 8.455 eta 50.745 euro artekoak izatea espero da. Deialdia apirilaren 9an irekiko da, eta proposamenak aurkezteko azken eguna 2025eko irailaren 17a izanen da.

CERV programak kulturen arteko elkarrizketa sustatzen laguntzen du, nazionalitate eta hizkuntza desberdinetako pertsonak bilduz eta jarduera komunetan parte hartzeko aukera emanez. Testuinguru horretan, senidetze proiektuen bidez hobeki ezagutaraziko da Europako ingurune kultural eta linguistikoaren aberastasuna, eta elkar ulertzea eta errespetatzea sustatuko da. Horrela, lagunduko da europar nortasun errespetuzkoa, dinamikoa eta polifazetikoa garatzen eta balio komunen, demokraziaren eta oinarrizko eskubideen errespetua sustatzen.

Deialdi honen helburua da senidetutako hirietako pertsona ugari —ingurune sozioekonomiko, genero eta herrialde desberdinetako pertsona ugari— biltzen dituzten proiektuak babestea, eta, era berean, Europako herrialdeetako herritarren arteko trukeak sustatzea; herritarrei Batasunaren ondare komunaren aberastasunaren eta aniztasunaren esperientzia praktikoa eskaintzea, eta etorkizun komun baten oinarria direla kontzientziatzea.

Halaber, herritarren artean harreman baketsuak bermatzea eta toki mailan parte hartze aktiboa izanen dutela ziurtatzea, Europako herritarren artean elkar ulertzea eta adiskidetasuna indartzea, udalerrien artean lankidetza eta jardunbide egokien trukea sustatzea, tokiko gobernantza ona babestea eta tokiko eta eskualdeko agintariek Europako integrazio prozesuan duten zeregina indartzea.

Hirien senidetzearekin zerikusia duten jardueren artean, honako hauek izan daitezke: tailerrak, mintegiak, hitzaldiak, prestakuntza jarduerak, adituen bilerak, web mintegiak, sentsibilizazio jarduerak, kultura ekitaldiak, jaialdiak, erakusketak, etab.

Informazio gehiago