Ospakizuna dugu: otsailaren 25ean, gure Europaren webguneak hogeita hamar urte bete ditu. Hasieran webgunea CD-ROM batean sartzen zen, baina egun zortziehun webgune dituen domeinu bat da, eta urtean hirurehun milioi bisitari inguru erakartzen ditu. Azken hiru hamarkadetan, Europaren webgunea leiala izan da jatorrizko misioarekin: Europar Batasuna herritarrei hurbiltzea eta informazioa ematea haien alde egiten duenari buruz.

Europako Batzordeak 1995ean jarri zuen abian Europaren webgunea, eta prest egon zen urte hartan G7k antolatu zuen konferentziarako. Ekitaldian, Klaus Hänsch Europako Parlamentuko une hartako presidenteak honako hau adierazi zuen: «Mundu guztiak izan behar du informaziorako sarbidea». Baieztapen horrek indarrean jarraitzen du. Desinformazioa nagusi den une honetan, denok nahi ditugu iturri fidagarriak, eta horixe da Europa domeinuak eskaintzen duena.

Hasieran, Batzordeak kudeatzen zuen Europaren webgunea, eta hiru hizkuntzatan agertzen zen. Une hartan, posta elektronikoa oraindik ez zegoen eskuragarri modu orokorrean, eta, beraz, zerbitzuek informazioa faxez igortzen zioten webgunearen talde arduradunari, eta hark eskuz idazten zuen berriro, argitaratu aurretik. Harrezkero, gunea asko aldatu da: edukia nabarmen handitu da, EBko beste erakunde batzuk ere agertzen dira han, eta teknologiak aurrera egiten jarraitu du. Europak, orain, hogeita lau hizkuntzatan argitaratzen du informazioa, baita EBkoak ez diren beste hizkuntza batzuetan ere, hala nola ukraineraz, txineraz eta arabieraz.

Zenbait fitxategitan, Europako bideoak eta argazkiak daude; horietako batzuek gure historiako une handiak islatzen dituzte. EBko ikus-entzunezko zerbitzuan gordetzen dira horiek, eta zerbitzu horrek ere bere urteurrena ospatu du. Bide batez, hemendik onena opa diegu.

Informazio gehiago