Europako Batzordeak proposamen sorta berri bat onartu du EBko arauak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko; horrela, gaitasun handiagoa lortu du inbertsio gehiago egiteko. Hori aurrerapauso handia da EBko enpresei hazten, berritzen eta kalitatezko lanpostuak sortzen lagunduko dien enpresa ingurune onuragarriago bat sortzeko.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak honako hau adierazi du: «Agindutako sinplifikazioa bete da. Irismen handiko sinplifikazioaren lehen proposamena aurkezten dugu. EBko enpresek onura lortuko dute honako arlo hauei buruzko arauak arrazionalizatzetik: finantza jasangarriei buruzko informazioa aurkezteari buruzko araua, jasangarritasunaren alorreko diligentziari buruzkoa eta taxonomiari buruzkoa. Horrek erraztu eginen du gure enpresen bizitza, eta, aldi berean, gure deskarbonizazio helburuetarantz tinko aurrera egiten jarraitzen dugula bermatuko du. Eta sinplifikazioa ez da hemen bukatzen».
Klimarako eta lehiakortasunerako gure helburuak bateratzean, baldintza egokiak sortzen ari gara EBko enpresek aurrera egin dezaten, inbertsioak erakar ditzaten, gure helburu partekatuak lor ditzaten –hala nola Europako Itun Berdearen helburuak–, eta gure ahalmen ekonomiko guztia desblokea dezaten.
Batzordeak helburu argia du: aurrekaririk gabeko sinplifikazio ahalegina egitea, administrazio kargak gutxienez % 25 murriztea lortzeko (ETE-etarako gutxienez % 35) agintaldi hau bukatzerako. Lehen «omnibus» pakete horiek proposamenak biltzen dituzte elkarrekin lotuta dauden legegintza eremu batzuetan, eta irismen handiko sinplifikazioa dakarte honako eremu hauetan: finantza jasangarriei buruzko informazioaren aurkezpenean, jasangarritasunaren arloan beharrezkoa den diligentzian, EBko taxonomian, mugan karbono isuriak doitzeko mekanismoan eta Europako inbertsio programetan.
Proposamen horiek EBren eskakizunen konplexutasuna murriztuko dute enpresa guztientzat, bereziki ETE-entzat eta kapitalizazio ertaineko enpresa txikientzat. Aukera emanen digute gure esparru arautzailea enpresa handienetan ardazteko, haiek izanen baitute segur aski inpakturik handiena kliman eta ingurumenean, eta erraztu eginen dute enpresek finantzaketa jasangarria eskuratzea, trantsizio garbia egin dezaten.
Xehetasun gehiago nahi izanez gero, kontsultatu online prentsa oharra eta galde-erantzunen orria.